[Zuzeu.eus-eko artikulua] Alfredo Remirez eta sagar-jokoa

Erredakzioa 2017ko urr. 18a, 07:02

Beñat Hach Embarekek idatzitako artikulua zuzeu.eus web-atarian.

Alfredo Remirezen kasua ez zaigu ezezaguna egiten gehienoi, baina bai dela bereziki deigarria nola tematu diren berekin. Beste hamaika txiolarien aurka egindako sarekada berean eraman zuten, baina espetxea zapaldu dezan duela 12 urteko trapu bat atera diote. Noski, orduan ez zekien egiten ari zena hain larria zenik, baina Alfredo, minutu batzuez… titiriteroa izan zen.

2005ean, Amurrioko jaietan, Alfredok eta bere koadrilak kartoizko bi panpina egin zituzten Amurrioko bi presoen argazkiekin, sakabanaketa salatzeko. Panpina horiekin igo ziren udaletxeko balkoira. Kasu: jarraian dagoen txioan, udaletxeko balkoian egin zuten atentatu terristaren irudi zinez gordinak agertzen dira.

Txioen inguruan zer esan… Pare batek Pablo Gorostiagari eta Xabier Alegriari ematen zieten ongietorria, espetxetik atera zirenean. Beste pare batek gaixo zegoen Josu Uribetxebarria presoarekin dute lotura. Gaixorik zegoenean aska zezatela eskatu zuen, eta hil zenean agurtu. Txiste pare bat ere hartu zituzten; txiste txarrak, gainera, Alfredo berari behin edo behin entzun diodan bezala.

Preso, iheslari eta deportatuen gaia stand by-ean dago gurean. Pause. Ekimenak badaude, ekintzak, dinamikak eta iniziatiba solteak, baina afera bera ataskatuta dago; errepresaliatuen bueltako errekako urak zingiratuak daude aspaldi. Alfredo beti aritu da preso eta iheslarien aldeko sustengu lanetan, sakabanaketa politika salatzen, eta hori da, eta ez beste ezer, ordainarazi nahi diotena epaitegiek. Urtebeteko espetxe zigorra betearazi nahi diote.

Botere banaketarena bai dela txiste txar bat. Apaizak behin azaldu zion Pernando Amezketarrari jainkoa trinitateak sortutako izatea dela.

Erretoreak

Esan behar didazu

instante batean

liburutik txartela

nik atera artean

nola sinesten dezun

zuk zeure artean

daudela hiru pertsona

jaungoiko batean.

Pernandok

Nola sinesten dedan

Arrazoiarekin,

Orain esango diot

Sagartxo batekin:

Usai ta saborea

Kolorearekin,

Horra hiru jenero

Gauza bat batekin

Botere banaketa txiste txar bat da. Eta Espainia sagar bat, sagar ustel bat, sagar pozoitsu bat, bere usain, bere zapore, eta bere kolorearekin; bere justizia, bere parlamentu eta bere exekutiboarekin. Horra hiru genero gauza bat-batekin, denak Espainiaren defentsan lanean, koordinatuta.

Botereak ez ditu Alfredo bezalakoak nahi kalean, eta trikimailu baxuenak erabili ditu horretarako. Alfredo kartzelara joatea lotsagarria da; baina oso arriskutsua ere. Errepresio mota berriaren adierazle gorenak dira: Jordiak, Alfredo, oreretarrak, altsasuarrak…
“Sagarrak axala eder, harra berdin aiher”. Usteltzen hasia dago eta laister eroriko da. Zurekin gaude Alfredo. Gero arte, eta #agur78.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide