20.000 euroko inbertsioa egingo du Amurrioko Udalak Salvador eta Guatemalako komunitateak hobetzeko. Lankidetza-proiektua Euskal Fondoarekin batera sinatu dute, eragilearen proiektua gauza dadin. Aurreneko ekimena Nikaraguako San Carlos herrian egingo da, eta ur edangarria eduki dezaten baliok odu ekarpenak. "Melchorita komunitatea edateko urez hornitzeko sistema du izena lehen proiektuak, eta bigarren fasean txertatuko da laguntza", zehaztu dute. Era horretan putzu artesiarra eraikiko dute, eta ponpatze ekipamendua zein etxola jartzearekin batera, banaketa-sarea atonduko dute.
Egitasmoari esker, 230 ur-hargune instalatuko dira etxeetan, 230 ur-kontagailu jarrita: "Baita makro neurgailua ere. Horrez gain, CAPS berria antolatu, gaitu eta legeztatuko da". Halaber, herritarren parte-hartzea indartu nahi dute; higiene eta ingurumenari buruzko sentsibilizazio-kanpaina martxan jarriko dute; eta emakumeak komunitatearen kudeaketan eta ekintzetan aktibatzeko ahalegina egingo dute.
Guatemala lagunduz
Bigarren akordioa Guatemalako Schechinamuy landa-bidea eraikitzekoa da. Amurrioko Udalak azaldu duenez, bigarren fasea gauzatzean datza ekarpena: "5.930 metro luze eta 6 metro (4 metro, ibiltzeko eta metro 1 albo banatan, areka naturala jartzeko) zabal izango den landa-bidea prestatuko da, 280 biztanleko herri horretan hezkuntza, osasuna, garraioa eta garapen-proiektuak bideratzeko helburuz".
Prentsa oharraren arabera, positiboki baloratu dute Euskal Fondoarekin abiatutako elkarlana. Izan ere, 1996 urtetik herrietako garapena dute ardatz, justizian, berdintasunean eta tolerantzian oinarritutako elkarbizitza baketsurako baloreak sustatuz.