Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Anorexia eta bulimiarekin bizitakoak kanporatzeko balio izan dit eleberri grafikoak”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko aza. 2a, 09:01

Ilustratzailea da Leire Martin Curto.

LEIRE MARTIN CURTO (Arrigorriaga, 1993) ilustratzailea da. Amurrion bizi da gaztetatik. Yo también quise ser como Ana y Mia eleberri grafikoa plazaratu du, anorexia eta bulimia gaixotasunak jorratzeko.

Anorexia eta bulimia jorratzen dituzu eleberri grafikoan. Zer bultzatu zintuen gai horiek lantzera?
Betidanik gustatu zait idaztea eta marraztea. Asko kostatzen zitzaidan eta kostatzen zait pentsatzen eta sentitzen dudana esatea, eta bi bide hauek barruan daukadan guztia ateratzen lagundu didate. Hasieran, nahigabe egiten nuen, gustatzen zitzaidalako, ez nuen pentsatzen benetan egiten nuela nire sentimenduak atera ahal izateko.

Izan ere, anorexia eta bulimiarekin egon nintzenean gaixorik, asko marrazten eta idazten nuen, momentu horietan lortzen baituen bake pixka bat nire baitan. Geroago, diseinu gradua egiten ari nintzenean gai hori buruz hitz egin nuen irakasle batekin, eta oso ideia ona iruditu zitzaion. Beraz, laugarren mailan, gradu amaierako lana egin behar nuen urtean, eleberri grafiko bat egitea pentsatu nuen nire bizipenak kontatzeko. Prest sentitzen nuen nire burua gai hauei buruz hitz egiteko (hain tabu direnak).



Alde batetik, bi gaixotasun horiei buruzko informazio subjektiboa landu nahi nuen, topatu daitekeen informazio guztia oso objektiboa baita eta jendeak ez du ulertzen zer den benetan sentitzen duena gaixotasun hauen kontra borrokan ari denak. Beste aldetik, bizi izandako guztia barrutik atera behar nuela sentitzen nuen, nirekin ondo sentitzeko eta espero dudalako etorkizun batean norbaiti lagundu ahal izateak nire bizipenak irakurtzeak, jakitea bizitzen den infernu horretatik atera ahal dela eta berriro bizi nahia berreskuratzen dela.



“Bi pertsonai horiek sortu nituen momentu hartan nire buruan gertatzen zena, pentsatzen nuen guztia, hobeto azaldu ahal izateko eta irakurleak hobetu ulertu zezan”



Bi pertsonai nagusi ditu eleberri grafikoak: Ana eta Mia. Nor da nor? Zer ordezkatzen du pertsonai bakoitzak?
Anak anorexia ordezkatzen du eta Miak bulimia. Izenak ez dira asmatuak, interneten hainbat blog, web orrialde… daude, “pro-ana” eta “pro-mia” izenekin, non bi gaixotasun hauek jainkotzat jotzen diren. Arin argaltzeko moduak agertzen dira, janaria ezkutatzeko erak, elikagaien kalorien taulak, zer da jan ahal dena eta zer ez...Beste aldetik, gaixotasunak bi deabrutxo balira bezala hitz egiten nuen medikuarekin eta psikologoarekin. Izan ere, zure buruan dituzun ahotsak dira, zer egin behar duzun eta zer ez esaten dizutenak. Horregatik, bi gauza horiek hartu nituen eta bi pertsonai horiek sortu nituen momentu hartan nire buruan gertatzen zena, pentsatzen nuen guztia, hobeto azaldu ahal izateko eta irakurleak hobetu ulertu zezan.



Ana deabru argala da, hezurtsua, gaixotasun honek egiten duena zera delako, asko argaltzen zara, hezur guztiak nabaritzen zaizkizu, baina inoiz ez zaude guztiz pozik zure gorputzarekin, beti nahi duzu gehiago argaltzea, hezurrak gehiago nabaritzea. Eta nahiz eta gero eta argalago egon, zu ez zara horrela ikusten.

Mia, aldiz, tentakuludun deabrua da, horiekin kontrolatzen baitzaitu txotxongilo bat bezala. Janari tripakadak izatera eramaten zaitu, eta gero joera hori konpentsatzeko moduak erakusten dizkizu.

“Ana eta Miak eleberrian esaten eta egiten dutena nire buruan gertatu zen barne borroka guztia da”



Zure esperientzia propioetan oinarritu zara eleberria egiteko. Zer dute Ana eta Miak zure bizipenetatik?
Lehen esan dudan bezala, Ana eta Mia gaixotasunak dira. Hasieran lagunak dira, nik ez nuelako ikusten benetan gertatzen zena, nire portaera ez zela normala. Uste nuen haiek esaten zutena egitean lortuko nuela zoriona, pozik egongo nintzela. Baina gero konturatu nintzen zerbait gertatzen ari zela, ezin nuela horrela jarraitu, nire burua suntsitzen nengoela. Bakean uzten ez zidaten bi deabru bihurtu ziren orduan.

Nola gainditu daitezke anorexia edota bulimia bezalako gaixotasunak? Zer aholku emango zenieke guraso, irakasle edota nerabeei?
Lehenik konturatu behar zara zerbait pasatzen ari dela zure baitan, ez zaudela ondo, zure jokabideak ez direla arruntak. Zuk ez baduzu onartzen anorexia, bulimia edota beste elikatze-arazo bat duzula, oso zaila da aurrerapausoak ematea. Beste aldetik, denbora oso garrantzitsua da. Ulertu behar da ez dela egun batetik bestera gainditzen den zerbait, prozesu luze bat da, non aurrerapauso eta atzerapausoak dauden. Baina borondate askorekin, egunero borrokatzen bada, helduko da eguna non atera begiratu ahal izango duzun eta ikusi ahal izango dituzun egin dituzun pausu guztiak. Azkenik, helduko da eguna noiz esan ahal izango duzun gainditu duzula gaixotasuna.


“Zuk ez baduzu onartzen anorexia, bulimia edota beste elikatze-arazo bat duzula, oso zaila da aurrerapausoak ematea”


Ere esan nahi dut ez dela gaixotasun fisiko bat. Jateari ustea edo janari tripakadak izatea barnean duzun egonezina, arazoak...adierazteko erak direla esan daiteke. Ez dakizu nola atera mina egiten dizun guztia eta janaria erabiltzen duzu aditzera emateko modu gisa. Horregatik da hain garrantzitsua tratamendu psikologiko on bat edukitzea, ez baitu ezertarako balio zure pisu arruntera bueltatzea barne arazoak konpontzen ez badira, berriro bueltatuko zarelako janariarekin arazoak izatera.

Aholku gisa, gurasoei esan behar diet oso garrantzitsua dela haien laguntza gaixoentzat. Oso zaila da gaixotasun hauek ulertzea bizi izan ez badituzu, eta hasieran normala da ez jakitea zer egin, haserretzea, ez ulertzea zer gertatzen ari den... Zorionez hainbat elkarte daude (ACABE Euskal Herrian) laguntza eta informazioa emateko prest daudenak.

Nerabeei informazio gehiago eman behar zaiela uste dut, eskoletan bertan. Sexualitatea jorratzen den bezala kurtso batzuetan, uste dut elikatze-arazoei buruzko informazioa ere eman behar dela eskoletan (oraindik gai hau tabua dela uste dut, badirudi beldurra daukagula honetaz hitz egiteko, seguruenik informazio falta dela eta).



Nik, adibidez, ez nuen informazioa inoiz jaso eta ez nekien zer zen gertatzen zitzaidana. Gainera, ideia oker bat nuen arazo hauei buruz, beraz ez nuen uste elikatze arazo bat nuela. Jende guztiari bere gorputza den bezala maitatzen jakitea esango nioke eta ez egitea kasu telebistan, interneten, iragarkietan... saltzen diguten edertasun idealari, ez baita erreala, irudi guztiak moldatuak baitaude, manipulatuak, ez dira benetako pertsonak.

Irakasleei ere prestakuntza izatea eskatuko nieke. Eta zerbait arraroa nabaritzen badute neska edo mutil batean, gurasoekin hitz egitea, informatzea eta galdetzea nola lagundu ahal duten. Baina inoiz ez tratatzea ezberdin gisa ikaslea, honek nabarituko duelako eta ez delako ondo sentituko seguruenik.


“Jende guztiari bere gorputza den bezala maitatzen jakitea esango nioke eta ez egitea kasu telebistan, interneten, iragarkietan... saltzen diguten edertasun idealari”

Zer nolako harrera izan du eleberriak?
Eleberri grafikoa Gradu Amaierako Lana bezala egin nuen, lehen esan bezala, eta ez dago oraindik argitaratuta. Baina ea lortzen dudan noizbait, horretan nabil. Orain arte egin dudana jendeari uztea izan da. Lehenik eta behin nire gurasoei, lagunei eta nire borroka nire ondoan bizi izan duen jendeari. Geroago, nire gurasoen lagun batzuek eskatu didate baita ere beraientzat edota ezagutzen zutelako norbait arazo hauetatik igarotzen ari zena.

Gainera, nire psikologoak erabili du hitzaldi batean eta erakutsi die berarekin tratamenduan zeuden pertsona batzuei. Orain, kopia bat Bartzelonako Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkartean dago, utzi baitiet irakurtzeko eta haien iritzia jakiteko.

Eleberri grafikoa eginda, internetera egin dute salto pertsonaiek.
Gauza asko egiteko aukera ematen du gai honek, eta gehiago egiteko asmoa izan dut gradua amaitu nuenetik, baina masterra zela eta ezin izan nuen jarraitu. Baina, kasualitatez, masterra amaitzen nengoenean, irakasle batek proposatu zuen autopromozio lan digital bat egitea. Eta hori dela eta eleberriaren pertsonaiak internetera igaro ziren. Yo tambien quise ser como Ana y Mia zenarekin jarraitu nuen, baina orain egingo nuena, gehien bat instagramean, izango zen gaixotasunak ezagutaraztea eta aldi berean laguntza ematea.

Egia da instagramean hainbat kontu daudela ez jatera, botaka egitera...bultzatzen dutenak. Baina badago baita beste komunitate bat, gaixo dauden baina borrokatu eta aurrera egin nahi duten pertsonez osatuak. Haiek jandakoaren argazki bat igotzen dute eta nola sentitzen diren idazten dute argazki oinean. Gero, haien artean laguntzen dira, jarraitzera bultzatzen dira... Nire asmoa talde honi nire bizipenak erakustea da, gaixotasun hauetatik atera ahal denaren eredu bat izan dezaten. Nire bizipenak irudikatzen ditut baina beti mezu positibo batekin.

Hasieran ez nekien funtzionatuko zuen ala ez, baina lehen momentutik jendea nire kontua jarraitzen hasi zen, eta komentarioak jartzen edota mezu pribatuen biez hitz egiten. Ez soilik arazo hauek dituzten pertsonak, jende profesionalak ere, eta hori bultzatu izan dit jarraitzera, ikusten baitut benetan laguntzen duela.

Hau da zure lehen proiektua egile gisa? Baduzu beste proiekturik esku artean?
Bai, nahiz eta ezin dudan esan amaituta dagoenik. Eleberria jendeari iristeko bidea lortu nahi dut eta, aldi berean, interneteko proiektuak martxan jarraitzen dut. Baina egia da gauza gehiago egin nahi ditudala gai honi buruz, eta ideiak ditut, baina oraindik ez daude guztiz garatuta. Gainera, oso zaila da mundu honetan sartzea, eta pixkanaka lortzen den zerbait da. Baina motibazioa ez zait falta, eta aurrera jarraituko dut, gauzak irudikatzen eta, ahal dudan heinean, jendea laguntzen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide