Serigrafia tailer batean egiten duzu lan, Berlinen. Nola iritsi zinen bertara?
Serigrafia tailer kolektibo batean nago, Czentrifuga izenekoa. Taldeko kideak ezagutzen nituen, Berlinen bizitzen egon nintzen beste garai batetik. Horregatik, erraza egin zitzaidan tailerrean sartzea.
Nola funtzionatzen du taldeak?
Asanblada bidezko funtzionamendua du. Lanak egin behar ditugu tailerraren alokairua ordaintzeko, eta biltzen dugun diruaren beste zati txiki bat guretzako gordetzen dugu.
Horrez gain, bakoitzak bere proiektu propioak ditu, zeintzuen bidez diru-sarrerak lortzen ditugun baita ere.
Zer motatako lanak egiten dituzue?
Aiaraldean egiten nituen lanen antzekoak: mota guztietako euskarrietan inprimatzen dugu, pertsona, kolektibo edota musika taldeentzako, gure ideia politikoen barruan betiere.
Serigrafiaz gain bestelako lanik egiten duzu?
Momentuz serigrafia eta diseinu grafikoa egitetik bizi naiz, baina egiten ditut baita beste hainbat lantxo ere, hilabetearen amaiera errazagoa egiten dutenak.
Zaila da marrazkigintzatik bizitzea Alemanian?
Berlin bezalako hiri batean nahiko erraza da, egia esan. Azoka asko daude, eta jendeak beste pentsamolde bat du erosterako orduan, zabalduago dagoelako merkatuetan erosteko ohitura. Turismo asko dago baita ere, erraztasun handiagoak daude.
Berlinen Aiaraldean baino aukera gehiago daude serigrafiaren munduan aritzeko, beraz?
Alemanian nahiko mugimendu aktiboa dago, eta Berlin bezalako hiri handietan nahiko oparoa da serigrafiaren kultura. Aiaraldean baino aukera gehiago daude, errazagoa da bizitza aurrera ateratzea.
Zer ezberdintasun ikusi dituzu Aiaraldea eta Berlinen artean?
Berlin Europako hiriburua dela esan daiteke, eta Amurrio Aiaraldeko herri txiki bat da. Erraz imajinatu daitezke ezberdintasunak.
Ondo moldatzen zara hizkuntzarekin?
Alemana da oinarrizko hizkuntza, baina biztanleen ia % 90ek daki ingelesa. Toki batzuetan gazteleraz ere mintzatu zaitezke. Alemanana hizkuntza zaila da, baina espero dut hemendik urte batzuetara hitz egiteko gai izatea.
Zerk bultzatu zintuen Berlin aukeratzera?
Bertan bizi behar nuen Brookesia Estudio proiektuarekin salto handiago bat egiteko, eta emaitza positiboak ekarri dizkit horrek. Hemengo garagardoaren kalitatea ere bada kontuan hartzeko zerbait (barreak).
Ruben López Raneroren lan batzuk: