Ziklokross talde berria sortu da eskualdean: Koba Cycling CX Team. Amurrioko, Laudioko eta Aiarako txirrindulariz dago osatua. Azaroaren 10ean egin zuten aurkezpena Abiaga jatetxean.
Amurrioko Koba Cycling bizikleta dendan piztu zen ziklokross talde berria jaiotzeko grina. Bi urte t’erdi darama dendak martxan. Ohiko bezero eta lagunen artean aspalditik esku artean zuten proiektua egikaritu eta Koba Cycling CX Team ziklokross taldea sortu dute horrela. Herriko hainbat komertzio eta talderen laguntza jaso dute proiektua aurrera ateratzeko: Kuskumendi Mendi Bizikleta Taldea, Alex Tailerra, San Joseko harategia, Abiaga jatetxea edota Etxeondo txirrindularitza arropa ekoizlea dira laguntzaileetako batzuk
Eskarmentu handiko txirrindulariak elkartu dira taldean, bederatzi kide guztira: hiruk elite kategorian parte hartzen dute, eta gainontzekoak “master 30” eta “master 40” kategorietako lehiakideak dira.
Elite kategorian arituko dira Amurrioko David Hidalgo eta Josu Albizua zein Laudioko Jon Lainz. Eskarmentu handikoak dira. David Hidalgo, esaterako, Javier Ruiz de Larrinaga Zuiako ziklokroslariaren mekaniko ofiziala izan da urte luzez eta emaitza oso onak lortu ditu hainbat txapelketetan. Josu Albizuak, bestalde, Euskadiko Federazioko lehenengo dortsala darama eta emaitza paregabeak lortu ditu.
Munduko Txapelketa helburu
Taldea sortu berri duten arren ez dira makalak epe laburrera begirako erronkak. Abendu hasieran Belgikako Mol hirira joango dira Munduko Ziklokros Txapelketan parte hartzeko.
Amurriorako ere badituzte proiektuak: Ziklokoross eta beste txirrindularitza modalitate batzuentzako zirkuitu finkoa eraikiko dute Refor inguruko zelaietan, Kuskumendi taldearekin batera. Sortze bidean egon arren, bi urteko epean lasterketa bat antolatzeko ideia jorratzen hasi dira.
Etorkizunari begira, ilusioz begiratzen diote Koba Cycling CX Teameko kideek ziklokrossak azken urteotan izandako gorakadari. Izan ere, nabarmen egin du gora eskualdean modalitate honetan aritzen diren txirrindulari kopuruak. Hori dela eta, `pozik daude ziklokrossaren loraldi horren parte direlako.