“Ikasleen arazoak ez dira eskola eremura mugatzen, horregatik sortu genuen zerbitzua”

Txabi Alvarado Bañares 2017ko aza. 14a, 15:58

Psikologoa da ogibidez Gotzon Minguez Ojembarrena. / aiaraldea.eus

GOTZON MINGUEZ OJEMBARRENA (Laudio, 1961) Amurrioko Udaleko laguntza psikologikorako zerbitzuko langilea da. Amurrio da eskaintza hori duen euskal autonomi erkidegoko udalerri bakarra.

Zertan datza Laguntza Psikologikorako Udal Zerbitzua?
Duela zenbait urte hasi ginen zerbitzu hau eskaintzen. Familiak eskolatik kanpo aholkatzea zen asmoa. Hezkuntza zentroetan egiten genuen lan hasieran, baina konturatu ginen umeak eta nerabeak ez direla soilik ikasleak; eta euren arazoak ez direla soilik klaseko eremura mugatzen. Eskola barruan egonda, ezinezkoa zen familiekin elkarlanean aritzea; beharrezkoa ikusten genuen horretarako gune berria sortzea. Terapia familiarra egitea da gure helburua, ume eta nerabeengana senideen bidez iristea.

Zer da eskaintzen duzuena?
Eskaintzen dugun zerbitzuak hiru arlo ditu: Arazoen prebentzioa, aholkularitza eta esku-hartze klinikoa. Gurea ez da zerbitzu terapeutikoa. Helburua ez da arazo kronikoak, buru-gaixotasunak, konpontzea. Psikologiaren alorrean sartzen diren arazoak jorratzen ditugu, horren patologikoak ez direnak. Arazo emozionalak dira horren adibide: autoestimu-falta, harremanak egiteko zailtasunak, ohiko depresioa, eskola jazarpena, familia gatazkak, menpekotasun arazoak (alkohola, bideo-jokoak...) senide baten heriotzak eragindako ondorioak... Ia edonork izan ditzakeen  arazoak.  Arazo psikosomatikoak ere lantzen ditugu: anorexia ez-patologikoa, lo egin ezina...  

Nola lantzen dituzue horrelako kasuak?
6-10 saio inguru egiten ditugu. Sesio horien ostean arazoak bere horretan jarraitzen badu, beste nonbaitera bideratu behar izaten dugu kasua, handiegia delako gure zerbitzuaren bidez tratatzeko. Patologia edo arazo kronikoak dira beste zerbitzu batera bideratu behar izaten ditugunak. Hala ere, kasu gehienetan lortu egiten dugu arazoa gure zerbitzuaren bidez konpontzea.

 

“100 familia gerturatzen dira urtero laguntza psikologikorako zerbitzura”



Nola zuzentzen zarete nerabe eta haurrengana horrelako arazoak tratatzerako orduan?
Gehienetan umeekin zuzenean lan egiten dugu, nahiz eta kasu batzuetan ez den beharrezkoa haiengana zuzentzea. Ume txikien kasuan, adibidez, gurasoak izaten dira guregana jotzen dutenak. Nerabeen kasuan, aldiz, askotan ez dute etorri nahi izaten, eta familiaren bidez konpondu behar izaten dugu arazoa, gurasoei aholkuak emanez.

Prebentzioa ere lantzen duzuela aipatu duzu. Familia ezinbestekoa da?
Bai. Familia da lehenengo eragin-zirkulua. Beste batzuk daude: eskola, lagunak... baina senideena da beti garrantzitsuena, eurengan ematen direlako “babes-faktoreak”. Autoestimua, gizarte trebetasunak, frustrazioa jasateko ahalmena, baloreak, ohiturak... Guzti horiek familian jasotzen dira batez ere, ez eskolan. Horregatik da garrantzitsua faktore horiek familiaren testuinguruan lantzea. Hainbat baliabide dugu prebentzioa lantzeko. Gurasoen Eskola da horietako bat. Hainbat gai jorratzen dira bertan: autoestimua, erantzukizunak, arauak, ohiturak, nola eztabaidatu nerabeekin, nola irakatsi oinarrizko balioak edo ohitura zehatzak... mota horretako gaiak jorratzen ditugu.

Laudioko eta Foru Aldundiko teknikariekin elkarlanean aritzen gara, “Prebenfamilia” programaren bidez. Arazo asko komunak dira, antzekoak dira Amurrion edo beste edozein herritan. Horregatik da garrantzitsua beste familiekin elkarlanean aritzea. Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara eta Artziniegako familiekin biltzen gara batzuetan, hainbat gairi denon artean heltzeko.  Boletinak zabaltzen ditugu baita, hainbat informazio partekatzeko.

 

"Ume txikiekin autonomia ohiturak dira ohikoenak: bakarrik lo, jan edo egoten ikastea. Nerabeena beste mundu bat da. Lagunekiko edo familiarekiko arazoak agertzen dira; baina ez dira patologiak, ohiko aferak baizik"



Zein arazo dira ohikoenak haur eta nerabeen artean?
Ume txikiekin autonomia ohiturak dira ohikoenak: bakarrik lo, jan edo egoten ikastea. “Banaketarekiko antsietatea” da lantzen dugun arazoetako bat, haurrak eskolara lehen aldiz doazenean ematen dena.

Lehen Hezkuntzan ikasketa teknikak lantzen ditugu, eskolan ere jorratzen diren arren. Antsietatea eta adimen emozionala ere ditugu hizpide.

Nerabeena beste mundu bat da. Lagunekiko edo familiarekiko arazoak agertzen dira; baina ez dira patologiak, ohiko aferak baizik. Noizean behin agertu egiten dira adikzioekin erlazionatutako aferak. Teknologien dependentzia oso ohikoa da, sare sozialekin kasu. Batzuetan tabakoa eta alkohola daude baita ere tartean. Ez dira arazo larriak, baina komeni da tratatzea.

Zer nolako harrera du zerbitzuak?
Azken urteetan 100 familia etorri dira gugana urteko, bataz beste. 90 kasu inguru izan genituen iaz.

Eskolen barruan ere aritzen gara, guraso batzuekin eremu horretan gaudelako. Harremanetan jartzeko gugana etortzea edo telefonoz deitzea da egokiena, 945 393 849 zenbakiaren bidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide