Zabaleko ikastetxean 100 metro koadro inguruko jolastokia jartzea. Hori izan zen AmurriokoEKIN aurrekontuen parte hartze prozesuan boto gehien jaso zuen proposamena.
Parte-hartze filosofiari eutsi diote jolastoki hori nolakoa izango den erabakitzeko. Eskolako 2 eta 12 urte bitarteko ikasleekin aritu dira horretarako, “nahitaez” jarri behar diren jolas-elementuak zeintzuk diren zehaztu eta behin betiko proposamena adosteko.
Txirristak, saski erako zabuak, dorreak eta antzeko elementuak eskatu zituzten ikasleek. Hainbat enpresen eskaintzak lortu zituen udalak gero, eta ikasgela guztietan aurkeztu zituzten, ikasleek gustukoen zutena bozkatu zezaten.
Urte amaierarako abian egongo da gunea, tokiko erakundearen arabera.