Obrak ugari abiatuko ditu Amurrioko Udalak urtea amaitu baino lehen. Landaburu kalean egingo dute lan horietako bat. Bi markesina jarriko dituzte kaleko 4. zenbakiaren parean, autobus-lineako erabiltzaileentzako. 28.459,7 euro bideratuko dituzte urte berria iritsi baino lehen amaitua egongo den obra horretara.
San Mames etxea
Hainbat lan egingo dituzte baita ere San Mames Etxean, erakinaren irisgarritasuna bermatzeko. “Gaur egun ez dago higiezin horretara iristerik, eskailera-maila batzuk daudelako kanpoko urbanizazioarekin dagoen desnibela gainditzeko”, adierazi dute udaletik. Horregatik, arrapala bat eraiki eta terraza bat atonduko dute, 18.373,72 euro baliatuta.
El Refor-eko fatxada
El Refor-eko txakolindegiaren fatxada konponduko dute baita ere, “altxatu eta hezetasun ugari dituelako eta arotzeria andeatua dagoelako”. 29.336,42 euroko aurrekontua izango dute berrikuntza hori egiteko.
Iturralde-Elexondo oinezkoentzako gunea
Iturralde-Elexondo inguruko oinezkoentzako gunean egingo dute azken obra, 39.347,52 euroko aurrekontuarekin. “Pasealekuko bi parterre eta zuhaitzik gabeko hainbat txoko kenduko dira eta eskudel bat jarriko da Iturralde kaleko 6. zenbakiko higiezinaren albo batean”, jakinarazi dute tokiko erakundetik, eta gaineratu dute bi farolen kokalekua aldatuko dutela eta zoruaren zati batzuk berritu egingo dituztela, hondatu egin direlako ibilgailuen zirkulazioa medio.