Iragan ostiralean egin zenuen liburuaren aurkezpena Amurrion. Zer moduzkoa izan zen?
Oso ondo atera zen. Asko nabaritu nuen herriko jendearen, lagunen, senideen edota nire ikasleen sostengua.
Ez da idazten duzun lehen liburua.
Badut beste liburu bat idatzita, baina ez dago argitaratuta. Orain plazaratu dudana idatzi eta gutxira egin nuen bigarrena. Biak bidali nituen argitaletxe berera eta biak argitaratuko dituztela esan didate.
Ilustrazioak eta testua uztartzen ditu liburuak. Zaila izan da argitaratze prozesua?
Nahiko zaila izan da. Liburua idatzi nuenean hainbat argitaletxetara bidali nuen, baina ez zidaten jaramonik egin. Jasotzen dituzte eskuizkribuak zaborretara botatzen dituztelakoan nago.
Izendatuko ez dudan argitaletxe ezagun batera bidali nuen testua, eta telefonoz galdetu nien ea zer egiten duten jasotzen dituzten lanekin. Botatzen zituztela erantzun zidaten, egile ezagunen lanak soilik publikatzen zituztelako.
Baina ni oso tematia naiz eta horrela egin nuen topo Babidi-Bú argitaletxearekin. Sevillan dago eta baloreak sustatzen dituzten liburuak publikatzen ditu. Bi lanen eskuizkribuak bidali nizkien, eta erantzun zidaten asko gustatu zitzaizkiela eta argitaratu nahi zituztela.
Que te lo cuente mi perra ez da ilustrazio lan bat, hainbat marrazki dituen liburu bat baizik. Argitaletxetik galdetu zidaten ea ezagutzen nuen irudiak egiteko prest egon zitekeen norbait. Luisa Caceresengan pentsatu nuen segituan. Nire laguna da eta asko gustatzen zaizkit bere marrazkiak. Bera arduratu da liburuan ilustratzeaz eta oso ondo egin du, egin duen lanak ondo islatzen du nik adierazi nahi nuena.
Argitaletxeko kideak arduratu dira maketazio eta zuzenketa prozesu osoa egiteaz. Kalean dago jada liburua, 2018an egongo da liburu-dendetan salgai. Nik ehun ale baino gehiago nituen, baina ia gehienak saldu ditut dagoeneko. Gehiago eskatu ditut, eskualdeko liburutegietan eta beste gune batzuetan aurkezteko asmoa baitut.
“Argitaletxetik galdetu zidaten ea ezagutzen nuen irudiak egiteko prest egon zitekeen norbait. Luisa Caceresengan pentsatu nuen segituan”
Noiz argitaratuko duzu bigarrena?
Oraindik ez dago zehaztuta. Ilustrazioak lotzen hasi behar naiz. Liburu hori apur bat ezberdina izango da. Ametsak lortzeko bidea du hizpide. Zure ametsak lortzeko borroka egin behar duzula, hori da liburuaren mezu nagusia.
Orain argitaratu duzun liburua zeri buruzkoa da?
Reverte familiaren istorioa kontatzen du. Nire aitonaren omenez hautatu dut izen hori, Reverte deitzen ziotelako berari, bere garaian horrela deitzen zen torero ezagun bat zegoelako.
Reverte familia hainbat kidek osatzen dute: gurasoek eta hiru alabek, horietako bi bikiak. Txakur eta katu batekin bizi dira. Bi animalien arteko elkarrizketak oso dibertigarriak dira, katuak gaizki ulertzen duelako txakurrak esaten dion guztia.
Abiapuntu horretatik hasita bizitzari lotutako hainbat hausnarketa lantzen ditu liburuak: jatorri eta sexu aniztasunarekiko tolerantzia, pertsona nagusien zaintza... Hainbat balore ere jorratzen dira: barkamena, guraso eta seme-alaben arteko komunikazioa, irakurzaletasuna... eta hori guzti hori autoestimuaren ikuspegitik. Beharrezkoa da norbera bere burua maitatzea, hori delako definitzen duena kanpora begira transmititzen duzuna.
“Bizitzari lotutako hainbat hausnarketa lantzen ditu liburuak: jatorri eta sexu aniztasunekiko tolerantzia, pertsona nagusien zaintza...”
Umeentzako liburu bat dela esango zenuke?
Adin guztientzako liburu bat dela uste dut. Argitaletxeak hamar urtetik gorakoentzat dela ebatzi du, txikiagoak diren haurrek agian ez dutelako guztia ulertuko. Baina irakurtzeko erraza da, dibertigarria. Garrantzitsua da baloreak sustatzea, sendi guztiak saiatzen dira horretan. Familia osoari zuzendutako liburua dela uste dut.
Aipaturiko bi horiek dira idatzi dituzun lehen liburuak?
Beti gustatu izan zait idaztea eta asko gogoko dut kultura, orokorrean. Filologia ingelesa eta zientzia politikoak ikasi nituen eta oso gertu izan dut beti liburuen mundua. Koaderno bat daramat nirekin, eta bertan idazten ditut burura etortzen zaizkidan hausnarketak.
Familia handia da nirea, eta pasadizo dibertigarri asko bizi izan ditugu. Esperientzia horiek kontatu nahi nituen. Baloreak eta egoera dibertigarriak uztartu nahi nituen, eta horrela sortu zen liburua.
Badut buruan nagusientzako eleberri bat idaztea, baina argitaratzeko dauden zailtasunek atzera bota naute beti. Asko desanimatzen nau zerbait idazteak norbaitek irakurriko duen jakin gabe. Hala ere, baliteke animatzea, oraingoan pauso batzuk emanak ditudalako literaturaren munduan. Ez dut idatzita, baina goitik behera egituratua daukat dagoeneko.
“Badut buruan nagusientzako eleberri bat idaztea”
Zer nolako harrera izan du liburuak?
Argitaratu baino lehen 10-14 urte bitarteko bost umek irakurri zuten eta asko gustatu zitzaien. Liburuaren amaieran txertatu ditugu euren iritziak. Ostiraleko aurkezpenaren ostean jende ugari gerturatu zait oso polit eta dibertigarria dela eta une hunkigarria dituela esatera.