Liburuxka euskaraz eta gazteleraz plazaratu dute. Josune Irabien alkateak eta Txerra Molinuevok Osasun, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak aurkeztu dute egitasmoa gaur goizean udaletxean. Besteak beste, alkoholaren eta kalamuaren kontsumoak dakartzan ondorioak jorratu dituzte argitalpenean, drogen erabilera desegokiak sor ditzakeen arazoak eta kontsumo arduratsua -ez arazotsua- izateko jarraibideak kasu.
Nabarmendu dutenez, kalamuan eta alkoholean zentratu dira. Izan ere, horiek dira lantegietan kontsumitzeko ohitura gehien pilatu dituzten drogak. “Gehiago badirela egia da, baina gure ideia ez zen droga guztiei heltzea, gehien kontsumitzen direnei baizik. Horregatik utzi ditugu kanpo speeda edota kokaina”, argitu du Molinuevok.
Adibide argiak
Liburuxkak adibide argiak jasotzen ditu: alkohola kontsumitzeak, esaterako, erlaxazioa, loa eta euforia egoera faltsua sortzen ditu. “Ondorioz, lanean harremanetan zailtasunak eragin ditzake, kideekin eztabaidak...”. Kontsumoagatik, lan antolaketan edo erantzukizunean zailtasunak antzeman litezke, baita erabaki okerrak hartzeko joera ere. Hala ere, ondorio larriena istripuak areagotzeko arriskua handitzea da. Liburuan ohartarazi dutenez, arreta eta kontzentrazio ahalmena gutxitzea, lan kalitate eta kantitatea jaistea, zein autokonfiantza gehiegi izatea dira istripu arriskuak areagotzearen arrazoietako batzuk. Horri makinekin lan egitea erantsiz gero, are arriskutsuagoa bilaka liteke drogatuta behar egitea.
Droga kontsumo datuak
Enpresetako Segurtasun Batzordeek aitortu dutenez, langileen %6-12k edaten du egunero “alkohol gehiegi”. Kalamuari dagokionez, %10-15ak kontsumitzen du noizbehinka, eta %2-5ak egunero.
“Lan istripuen %15-30k zerikusi zuzena du drogen kontsumo desegokiarekin”, adierazi dute prentsaurrekoan. Haatik, Molinuevoren iritziz, helburua ez da drogak tratatzea, laneko ondorioak bistaratzea baizik: “Lan istripuak ez ezik, langileen arteko harremanetan eragin nabarmena dute drogek; ekonomikoki zein itxura aldetik ere arazoak sor litezke”. Hori dela eta elkarlana abiatu du udalak tokiko enpresekin, liburuxka zabaltze aldera. Lanbide Heziketetan, aldiz, bi orduko tailerra egingo dute eskola ordutan. “Eragina edo emaitzak ezin dira kontatu, baina enpresetan harrera ona izan du formazioak”.
Josune Irabien alkatea pozik azaldu da tokiko erakundearen lanarekin, Amurrio baita aferari heltzeko argitalpen propioa sortu duen udalerri bakarra. Zernahi gisaz, etengabeko zeregintzat du Irabienek prebentzioa, “adikzioen eremua droga eta substantzien kontsumoa baino askoz gehiago da”.