Txinan jaio zinen. Nola iritsi zinen Aiaraldera?
13 urterekin etorri nintzen. Ez nuen pentsatu hemen geratuko nintzenik, baina orduz geroztik ez naiz Txinara itzuli. Ez zen erabaki bat izan, egokitu zitzaidan egoera izan zen, nire familia guztia hemen zegoelako.
Murtzian bizi izan nintzen lehenbizi, zortzi hilabetez. Fuenlabradara joan nintzen gero, Madrilera. Bost urte egon nintzen bertan bizitzen, eta Pintora (alboan dagoen herri batera) mugitu nintzen ondoren, eta Zaragozara gero.
Hainbat tokitan bizi izan naiz. 17 urterekin hartu nuen geratzeko erabakia, fruitu lehorren denda txiki bat jarri bainuen nire amaren laguntzarekin.
Noiz iritsi zinen Aiaraldera?
Duela bospasei hilabete. Etorri berri naiz, denda bat irekiko baitut Amurrion. Lehen lanagatik mugitzen nintzen soilik. Baina azkenaldian hobeto bizitzea dut helburu, eta Euskal Herria toki aproposa iruditu zitzaidan horretarako, bizitzeko moduagatik, naturagatik eta jendeagatik.
Baduzu harremanik Txinan dituzun senideekin?
Oso gutxi. Nire gurasoen belaunaldikoek harreman estuagoak mantentzen dituzte bertako jendearekin. 1970-80ko hamarkadetan jaio garenok kultura gehiagoren erreferentziak jaso ditugu. Hala ere, berdina gertatzen da hemen adin ezberdinetako pertsonen artean.
Zertan da ezberdina Txinan zeneraman bizimodua eta hemen daramazuna?
Ez daukat kontatzeko gauza askorik. Oso txikia nintzen Txinan bizi nintzenean, eta orain heldua naiz. Nire haurtzaroaren oroitzapen onak ditut, amonekin bizi nintzen, herrixka txiki batean.
Hor bai nabaritu nuela aldea, 500 biztanleko herri txiki batean bizitzetik hiri handi batean egotera igaro nintzelako. Alde handia nabaritu nuen. Egia da atzerritarra izanda zaila dela hemengo bizimodura egokitzea.
Zertan nabaritu duzu hori?
Txikia nintzenean nabaritu nuen, batez ere. Ez nekien nola egokitu hemengo jendartera, eta gurasoek eta irakasleek ere ez zuten asko laguntzen.
Zer nolako harremana duzue hemen bizi zareten txinatarren artean?
Ez nuke esango komunitate bateratu bat dugunik, jende askok hori uste duen arren. Badugu gure pentsatzeko modua, baina gaur egungo mundua geroz eta globalagoa da, eta txikiagoagoak dira ezberdintasunak. Hogei urte nituenean Espainian mesfidantza handia zegoen atzerritarrekiko, baina gaur egun ez dago aurkakotasun askorik.
Gabonak ospatzen dituzue?
Badago urte berri txinatarra, beste data batzuetan ospatzen dena. Baina abenduaren 24a eta 31 ere ospatzen ditugu gure familian. Batzuetan urte berri txinatarra ospatzen dugu, baina ez diogu aparteko garrantzirik ematen. Hemengo ohituretan murgilduago gaude.
Denda bat irekiko duzu. Zer motako negozioak kudeatzen dituzte jatorri txinatarreko herritarrek?
Negozio familiarrak izaten dira gehienetan, kasuen % 80an. Nik irekiko dudana ere halakoa da. Amurrion geratzeko asmoa dut denbora-tarte luze batez, baina epe luzera begira ez dakit non amaituko dudan. Zoriontsu bizitzea dut helburu.