Arrastariako eremua nekazaritza-parke izendatu nahi dute. Amurrioko Udalak abiatu du horretarako prozesua, HAPOaren (Hiri Antolaketako Plan Orokorra) berrikuspenaren barruan. Arrastariako eremuak “balio estrategiko handia” du. Hala dio 2014an eginiko Tokiko Sektore Plangintzak. “Nekazaritzak pisu handia du eremu horretan, balio agroekologiko handia du eta babestu beharreko eremua da”, adierazi du Irantzu Duro nekazaritza ingeriariak.
Arrastaria nekazaritza parke izendatzeko, baina, hainbat pausu bete behar dira. Zonaldearen “azterketa-diagnostikoa” egin behar da lehenbizi. Horretan ari da Duro: “Zer nekazaritza jarduera dauden eta zer egoeratan egiten diren aztertzen gabiltza”. Beharrak detektatzea da ikerketaren xedea, nola babestu jakiteko.
Aurkezpena 10ean Delikan
Behin behaketa eginda izendatuko litzateke Arrastaria nekazaritza-parke. Euskal Autonomi Erkidegoko mota horretako lehen gunea izango litzateke.
Ildo beretik, espazio bakoitzak bere berezitasunak dituela azpimarratu du Durok, “guztiak dira ezberdinak”. Izendapena jasotzeak hainbat erraztasun emango lizkieke bertako nekazariei. “Egiten diren nekazaritza jarduerentzako baliabideak lortzea erraztuko luke, adibidez”.
Hemendik astebetera -urtarrilaren 10ean- egingo dute ekimenaren aurkezpena, Delikako Gizarte Etxean 17:30ean. Ordu erdiko hitzaldia egingo dute lehenbizi eta lan-taldeak osatuko dituzte gero, 18:00etatik 19:30era luzatuko den dinamika batean. “Hiru talde osatuko ditugu: kontsumitzaileena, merkataritza sektoreko eragileena eta turismo sektorean aritzen direnena”.