Kontzertu sorta oparoa prestatu dute Burubio Kultur Elkarteko kideek urteari hasiera emateko. Musika estilo anitzez beteko da Maskuribai poligonoan kokatutako pabilioiko oholtza. Urtarrilaren 12an Libe eta Mice igoko dira eszenatokira. Euren disko berriak aurkeztuko dituzte bi taldeek Amurrion. Sarrera sei eurokoa izango da.
Ze esatek! eta Nomadak taldeak ere diskoak labetik atera berri iritsiko dira Burubiora, hilaren 20an. Sarrerak 8 euroren truke eskuratu ahalko dira, egunean bertan.
Bultz! eta The Friday's Crew taldeek ere duela gutxi aurkeztu dituzte euren lan berriak. Hilaren 27an joko dute eta sarrerak 5 euro balioko du.
Otsailaren 17an bi talde esanguratsuk joko dute pabilioian: Skunk D.F eta Sealed Room. Bilboko Power Records dendan eskuratu daitezke sarrerak 10 euroren truke, eta Burubion kontzertuaren egunean bertan, 12 euro ordainduta.
Otsailaren 23an, aldiz, Goiatz Dutto laudioarraren Moonshine Wagon taldea eta Mud Candies igoko dira oholtzara.
Kontzertu guztiak 22:30ean hasiko dira.
Martxotik aurrera
Kontzertu horien ostean, baina, beste batzuen txanda iritsiko da. Burubioko kideek ez dute atsedenik hartzen: ia prest dute martxotik aurrera eskainiko duten egitaraua. Egoitz Palaciosek aurreratu du gustu guztientzako doinuak egongo direla. “Rocka, erromeriaren bat, punka edota metala entzun ahalko dira”, azaldu du Burubioko kideak, “uda baino lehen jazz eta folk talderen bat ekartzen saiatuko gara baita ere”.