Baranbion eta Amurrioko herrigunean San Anton ospatzeko enkanteak egingo dituzte, urtero legez

Erredakzioa 2018ko urt. 16a, 09:14

Poxpoloaren enkantea egingo dute Baranbion. / Aiaraldea.eus

Amurrioko izen bereko plazan eta Baranbioko baselizan ospatuko dituzte sanantonak asteburuan. Baranbion pospoloaren enkantea egingo dute, antzinako ohitura jarraiki.

San Anton Jaiak bi lekutan ospatuko dira asteburuan; Baranbion eta Amurrioko herrigunean.

Pospoloaren enkantea
Baranbiogoi auzoan bihar hasiko dira ospakizunak 12:00etan mezarekin. Hori bai, egitarau ia guztia larunbatean gauzatuko dute hurrengo ekintzekin:

  • 18:00etan igel toka txapelketa umeentzat
  • 19:00etan igel toka txapelketa helduentzat
  • 20:00etan herri afaria
  • 21:00etan enkantea
  • 23:00etan erromeria
  • 04:00etan txintxorta jana

Ikus daitekeen moduan, San Anton baselizan apurka-apurka joango dira giroa berotzen eta unerik bereziena enkantearekin helduko da. Ohitura hori 1738. urtetik jarraitzen dute eta tenplua bera mantentzera bideratzen da lortutako dirua.

Enkantearen berezitasuna da herritarrek eramaten dituzten otarrak lortzeko pospoloa pizten dela eta eskaintzak egiteko aukera dagoela itzali arte. Aurkezle batek zuzentzen du dena eta eskaintza egiten duen jende orok ardo edalontzia jasotzen du.

Pospoloa amatatu ahala beste bat pizten da eta azkenengo eskaintza egin eta berririk gabe 3 pospolo erretzen badira, hori da otarra lortzen duen eskaintza.

Elkartasun azoka
Ordea, Amurrioko herrigunean igandean izango da ospakizuna 10:00ak aldera. Urtero bezala, -hau da X. edizioa- San Anton plazan elkartasun azoka egingo dute 100 ekoizleren partaidetzarekin. 11:30ean mezari ekingo diote eta 13:00etan enkanteari.

Aurten eskuratuko duten dirua Gazte Alaiak taldearentzat izango da. Iaz 2.500 euro jaso zituzten Caritas eta Laguntza taldeen jarduera finantzatzeko.

Txerria ez da enkantean sartuko
Orain arte, txerria zen enkantearen protagonista, aldiz, aurten zozketatuko dute. Izan ere, jende guztiak ez dauka 100 kilo haragi etxean gordetzeko aukerarik, eta, hori dela medio, gero eta etekin gutxiago ateratzen zioten, lagun gutxik egiten baitzuten eskaintza.

Bestalde, txerrikumeak eta arkumeak bazkaltzeko parada emango dute eta horretarako 75 edo 90 euro ordaindu beharko dute interesdunek, baina aurretik izena eman behar da horretarako 664 08 18 83 telefono zenbakian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide