Hasteko, zera esan nahi dut: ez naizela telesailak irensten dituen horietakoa. Zinemara astean behin edo bitan joaten naiz, eta irakurtzea ere asko gustatzen zait. Ez daukat, beraz, telesailak ikusteko nahibeste astirik. Dena den, hona hemen gustuko izan ditudan telesailen zerrenda.
Mad men: Denboraldi guztiak ikusi ditut eta hori, nire kasuan, salbuespena da. Hasiera-hasieratik harrapatu ninduen; lehenik eta behin, daukan estetika zoragarriagatik baina gero kontatzen duenagatik. "American way of life" delakoa sortu zutenen istorioa da: kupidarik gabeko publizistak 60ko hamarkadako Manhattanen.
True detective: Lehenengo denboraldia baino ez dut ikusi. Irakurri nituen kritiken arabera, bigarrenak ez dio eusten aurreko denboraldiaren mailari, eta horregatik ez dut ikusi. Dena den, istorio independentak dira. Lehenengoa zergatik ikusi? Protagonistak karismoa handiko bi detektibe direlako: Matthew MacConaughey eta Woody Harrelson eta ikertu behar duten kasua izugarria delako. Ez dizuet beste ezer esango.
Big little lies: Zazpi atal baino ez ditu, eta horrek erakarri ninduen. Bigarren denboraldi bat prestatzen ari omen dira, baina ez dakit lehenengoaren mailari eutsiko dion. Emakume-talde baten istorioa kontatzen digu. Seme-alaben ikastetxean ezagutzen dute elkar, eta haietako bati gertatzen zaion gauza batek hankaz gora jarriko du dena. Nicole Kidman, Laura Dern, Reese Whiterspoon...Emakumeen arteko sororitatea pil-pilean.
Northern exposure ("Doctor en Alaska"): Gure nerabezaroko ikonoetako bat. Ordu txikitan ematen zuten, La2 katean, eta nik neuk izugarri gozatu nuen Alaskako herri galdu bateko biztanle ezin xelebreagoen gorabeherekin. Hori bai, estrenatu zenetik denbora asko igaro da, eta ez dakit nola zahartu den.
Merlí: TV3eko ekoizpen horrek arrakasta handia izan du Katalunian, eta orain ETB1en ematen hasi dira (pasa den igandean eman zuten lehenengo atala), EUSKARARA BIKOIZTUA. Denbora asko igaro da ETBk kanpoko ekoizpen bat bikoiztu zuen azken alditik, eta horregatik bakarrik aukera bat eman behar zaiola uste dut. Lehenengo atala ikusi dut, eta gustatu zait. Filosofiako irakasle oso berezi baten gorabeherak kontatzen ditu.
El ministerio del tiempo: aurreiritziz josita hasi nintzen ikusten, baina harrapatuta nauka. Aurreiritziak, zergatik? Historiari buruzko telesail espainiar bat TV1en... Ez zen planteamendu erakargarria. Utikan, baina, aurreiritziak! Ministerio horren lana Espainiako historia aldatu nahi dutenen aurka borrokatzea da, eta horretarako denboran atzera eta aurrera ibiltzen diren agenteak ditu. Gorabehera batzuk izan ditu, eta atal batzuk ez dira oso onak, baina entretenigarria da. Nik neuk oso gustora ikusten dut. Hurrengo denboraldiaren zain nago.
The leftovers: telesail hori ere osorik ikusi dut, hiru denboraldi baino ez ditu-eta. Ez da dena goitik behera ulertu behar harekin gozatzeko, hori da telesail horrekin ikasi dudana. Hasierako planteamendua hauxe da: bapatean munduko biztanleriaren %2a desagertu egiten da, eta gertaera horrek hainbat lagunengan duen eragina ikusiko dugu. Telesaila, baina, hori baino gehiago da, eta irudi ezin ederrago batzuk uzten dizkigu. Guztiari dario halako giro iradokitzaile bat, nahiz eta esan bezala, gauza batzuk eskapatu egin zaizkidan. Musika ere zoragarria da.
Eta, amaitzeko ikusi nahi ditudan hiru telesail aipatuko dizkizuet:
Babylon Berlin: Iragan mendeko 20ko hamarkada, Berlin munduaren erdigunean zenekoa. Babylon hiriko kabaret famatuena omen zen... Irrikitan nago, bai, arrakasta handia izan duen ekoizpen alemaniar hori ikusteko.
The handmaid's tale: Margaret Atwood idazte handiaren ipuin batean oinarritutako telesaila da. Protagonista Elisabeth Moss da, Mad Men-en Peggy Olsonena egin zuena. Abiapuntu horrekin nola uko egin ikusteari?
The deuce: The wire mitikoa egin zutenen azken telesaila da. Eta, bai, aitortzen dut, ez dut The wire ikusi, eta barkaezina da hori, badakit. New Yorken girotuta dago, iragan mendeko 70eko hamarkadan. Pornoaren industria, prostituzioa... Ikusi beharko dugu ba!