Urteak daramatza Amurrioko Oinkariak Taldea maila guztietako kirola sustatzen. Froga ugari antolatu dituzte, hala nola, Arabako Kros Txapelketa edo Euskadiko Kros Laburra. Maila herrikoiagoan, sei urtez antolatu dute Amurrioko Herri Krosa. Orain Euskadiko Kros Txapelketa aurrera ateratzeko ardura hartu dute; Oinkariak taldeko lehendakari den Pablo Masen hitzetan: “talde bezala antolatzeko falta zitzaigun azken lasterketa, erronkarik handiena”.
Kros egutegiko lasterketarik garrantzitsuenetarikoa da Euskadiko Kros Txapelketa, parte hartzaile kopuru aldetik jendetsuena. 2018ko edizioa otsailaren 11n egingo da Amurrioko El Reforreko zirkuitu egonkorrean.
El Refor, zirkuitua baino gehiago
Euskadiko Kros txapelketarekin batera, Oinkariak taldeak, El Reforren kokatuta dagoen kros zirkuituaren balioa azpimarratu nahi du. Pablo Masen arabera “inguruko zirkuitu onenetarikoa da El Refor kirol-gunekoa” eta hori aldarrikatu nahi dute otsailaren 11n ere.
Euskadiko Txapelketaren aitzakia izanik, 2 zonalde berri gehitu dizkiote zirkuituari, lau muino batuta ibilbideari. Erreferentziazko zirkuitu bihurtzea dute helburu.
Erronka handirako prest
Talde txikia da Oinkariak Atletismo Taldea baina gogotsu dago Euskadiko Txapelketaren antolakuntzari heltzeko. Hilabeteak daramatzate dena prestatzen eta egunean bertan 40 boluntario arituko dira. Aurreikuspenen arabera 800 lasterkari baino gehiago espero dituzte eguraldia lagun izanda.
Kirolari kopuru handiaz gain, Amurrio eta inguruko ikusleak bertaratzeko ahalegin berezia egingo dute antolatzaileek. Horrela, lasterketarekin batera bertoko produktuen azoka eta animazioa egongo dira goiz osoan El Refor kirol-gunean.
8 lasterketa
Guztira 8 lasterketa gauzatuko dira, 9:45etatik hasita kategoria desberdinen parte hartzearekin. Kadeteak izango dira lehendabizikoak, gizonezko senior kategoria 12:30ean abiatuko da, emakumezko seniorrak, aldiz, 13:25ean.