Endika Diaz: 10 telesaio neguan ikusteko

Erredakzioa 2018ko urt. 24a, 15:00

10 telesaioko zerrenda osatu du Endika Diaz amurrioarrak. / Aiaraldea.eus

ENDIKA DIAZ Amurrioko telesaiozale amorratuak 10 telesaioko zerrenda osatu du negua manta azpian goxo-goxo emateko.

Gomorra: Savastano klanaren egunerokotasunaren bitartez aurkezten digu saioak Napoles, mafiaren munduko hiriburua. Don Pietro, Savastanoen “kapoa”, Ciro di Marzioren goranahiaren beldur da, honek klanaren egitura suntsituko ez ote duelakoan.


Big little Lies: Reese Witherspoon, Nicole Kidman, Shailene Woodley, Laura Dern eta Zoë Kravitz emakumeek handikeria daukate euren bizitzen ardatz nagusia. Handikeria horrek, ordea, azaleko bizitza besterik ez dakarkie, amildegira zuzen eramaten dituena. Emakume horiek euren seme-alabak  eskolara elkarrekin doazela besterik ez ditu lotzen.

Bat-batean, eskolako gurasoen arteko jai batean gauzatutako erailketa batek euren arteko harreman guztiak hankaz gora jarriko ditu.


The night of: Beharbada arratsalde bakarrean ikusiko duzuen ‘mini-saio’ horietakoa daukagu The Night Of, zeinean kapitulu piloto frenetiko batek bere istorioan murgilduko gaituen. Nazek eta Andreak sexu eta drogen artean ematen dute gaua. Hurrengo goizean, Andrea ohean oso modu bortitzean eraila agertzen da eta Nazek ez du ezer ere gogoratzen. John Turturroren papera, noski, beti bezain itzela.


Treme: New Orleans hiriko auzo frantsesa Katrina tornadoa pasa eta hiru hilabetera erakusten digu Tremek. Elkartasuna, gizatasuna eta kulturaren baloreetan oinarrituta, George Bushen administrazioari zuzendutako kritika sakona dugu saioa. Musika ardatz, protagonistek jasan duten bizitza gogorrari etengabe irri egiten saiatuko dira.

Erritmo motelekoa, baina oso eraginkorra, David Simon (The Wire, Generation Kill, etab.) Treme bere “opera magna” dela esatera heldu zen behin.


Bron: Asperger sindromeduna daukagu Saga Noren detektibea, saio suediar honen protagonista nagusia. Saga eta Martin Rhöde detektibe danimarkarraren bizitzak elkar gurutzatuko dira, Copenhague eta Malmö hiriak lotzen dituen Oresund zubian emandako krimen baten ondorioz.
Denboraldi bakoitzeko kasu desberdin bati aurre egin beharko diote Sagak eta Martinek.


This is us: Tragikomedia freskoa daukagu ‘This is Us’, guraso batzuek hiruzkiak izaten dituzten eguna abiapuntu. Familia berezi horren egunerokotasuna eta hiruzki horien arteko lotura eta harremanak dira saioaren ardatza, emozioz beteriko egoerak, pertsonaiak eta hizketaldiak aurkezten dizkigularik.


The sinner: Cora Tannetti (Jessica Biel) ama gaztea da, itxuraz oso zoriontsua. Egun batean, senarrarekin eta umearekin lakuan egun pasa daudelarik, ezezagun bat era bortitzean akabatu egiten du.

Horrela, bere psicoanalistaren laguntzarekin eta polizia batekin (Bill Pullman), Cora bere iragana astintzen saiatuko da, erailketa hura aurrera eramatera bultzatu duten arrazoien bila.


The leftovers: Damon Lindelofen (Lost) azkenengo ekoizpena da. Bat-batean munduko biztanleariaren %2a inongo arrazoirik gabe desagertzen den unean kokatzen gaitu telesailak. Horrela, fikzioaz harago, galerak suposatzen duenaren inguruan aritzen da, emozioak etengabe azaleratuz.


Black Mirror: Charlie Brookerren fenomenoa daukagu ‘Black Mirror’, teknologiak eta bere erabilpenak egungo jendartearengan sortu eta sorraraziko dituen ondorioei so egiten diena.
Kapitulu bakoitzak istorio eta protagonista desberdinak aurkezten dizkigu, errealitatearen ironia kritikoa bezain fina erabilita.

Zenbait kapituluk maila itzelik ematen ez duten arren, orokorrean oso saio gomendagarritzat daukat.


The handmaid´s tale: Margaret Atwooden eleberrian oinarrituta, ‘The Handmaid’s Tale’ saioak etorkizun distopiko batean murgiltzen gaitu, non erregimen puritanoaren ondorioz, bertako emakumearen eginkizuna soilik ugalketara mugatu egiten den.

Offred (Elizabeth Moss) mirabea daukagu saio honen protagonista, berarentzat etorkizun oparoaren bila, estatutik alde egin nahian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide