Agerraldi jendetsua egin dute Amurrioko San Anton plazan Julen Ibarrola gazte amurrioarrari babesa emateko. Espainiako Auzitegi Nazionalak urtebeteko espetxe zigorra jarri dio duela hiru urte errotuladore batekin egindako margoketa bat dela eta. "Julen Libre" ekimenaren bozeramaileek adierazi dutenez, hurrengo igandean sartu beharko du kartzelan.
"Tamalez, hau ez da Julenek pairatu duen lehenbiziko jazarpen zantzua", azaldu dute. Aurrez Auzitegi Nazionalean epaitua izan zen Ibarrola: "Nahiz eta orduan absolbitua izan, Julenen aurka ibili direnaren seinale garbia dira bi adibide hauek".
Plataformaren esanetan, ulertezina da Euskal Herria konponbide prozesu batean murgilduta dagoen bitartean Espainiar Estatuak garai batzuetako makinaria erabiltzea, "euskal gizartearen ilusioa zapuzteko helburu". Hori dela eta, mendeku politikatzat jo dute erabakia: "Julen ez dute espetxeratu nahi errotulatzaile batez pareta batean idazteagatik, egoera zentzugabe hau gazte mugimenduan parte hartzeagatik da, gazte eta independentista izateagatik, alegia". Zentzu horretan, gazte konprometitua izatea ezin dela delitu izan nabarmendu dute, eremu ezberdinetan Ibarrolak egindako ekarpenak aipatuta: "Gazte mugimenduan, hezkuntza herrikoi eta parekide baten alde...".
Hiru mobilizazio
Ibarrolari elkartasuna adierazteko hainbat protesta deitu dituzte datozen egunetarako. Otsailaren 8an izango da lehena, auto karabana osatuko dute 19:00etan Amurrion. Mobilizazio egun nagusia, baina, datorren ostirala izango da; otsailaren 9a. Goizean zehar lanuzteak egingo dituzte ikastetxeetan, 12:00etan Amurrioko plazatik abiatuko den kazeroladan parte hartzeko. Arratsaldeko 19:00etan, aldiz, manifestazio zaratatsua antolatuko dute: "mani-kazerolada".
Elkartasun keinuak
Elkartasun keinu gisa errotulkiak banatu dituzte agerraldiko partaideen artean. Arrankudiaga-Zolloko Gazte Asanbladak, bere aldetik, babesa helarazi dio Ibarrolari argazki bidez:
Amurrioko Gazte Asanbladak ere, Ibarrolaren egoera salatu du, herriaren alde egindako lana azpimarratuta. Orozko Gazte Asanbladak ere oharra kaleratu du sare sozialetan: "Orozkoko Gazte Asanbladak bat egiten dau Julen LIBRE dinamikak deitutako mobilizazioekaz eta gazteriari altxatzeko deia luzatu gura deutso, Estatu Espainiarretik, gazte aktibo eta konprometitu lez zigortu eta kartzelaratu gura izateagatik. Ozen nahi dogu esan: JULEN LIBRE! EUSKAL GAZTERIA LIBRE!".