Iragan urtarrilaren 19an aurkeztu ziren Saratxoko saihesbidearen proiektuaren gaineko aldaketak. Moldaketa horien inguruko prentsa ohar bateratua plazaratu dute Saratxo Bizirik plataformak eta herriko administrazio batzarrak. Ez daude pozik Arabako Foru Aldundiak planteatutako aldaketa horiekin, ez duelako “herria asfalto azpian desagertzea” galaraziko.
“Badago gauzak egiteko beste modu bat”
“Azpiegituren diputatuak adierazi zuen oso pozik zeudela proiektuaren inguruan lortutako adostasunarekin”, azaldu dute saratxoarrek, “baina guri oraindik ez digute proiektua aurkeztu, badirudi itxita dutenean erakutsiko digutela”.
“Politikarien maila” agerian geratu dela salatu du plataformak eta administrazio batzarrak, “politika herriarentzat baina herria gabe egiten dute. Proiektuari ekiteko beste modurik ez dagoela sinestarazi nahi izan digute, baina guk aditu ugari kontsultatu ditugu eta badakigu egiteko beste modu bat posiblea dela”. Errepidea “jada existitzen den hiri eta natura ondarera” moldatu beharko litzatekeela uste dute Saratxo Bizirikeko kideek, “ez alderantziz”.
Hala ere, Saratxoko bizilagunek nabarmendu dute ez dutela etsiko, badakitelako gauzak egiteko beste modu bat dagoela, “borondatea da behar den gauza bakarra”.