“Eski ikasleen poz aurpegia da jaso dezakedan saririk onena”

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko ots. 18a, 15:36
Valdezcarayko estazioan egiten du lan Vicente Contrerasek. / Aiaraldea.eus

VICENTE CONTRERAS (Amurrio, 1979) eski irakaslea da Valdezcarayko estazioan. Argazkilaria da ogibidez, baina bere mendi zaletasunari heltzeko aukera ikusi zuen eski-instruktore gisa. 

Nola murgildu zinen eskian?

Aitarekin batera hasi nintzen eskiatzen, oso gaztetatik. 13 urte bete arte praktikatu nuen eskia eta gero snowboard-a egitera pasa nintzen. Ordurako gutxitan joaten nintzen elurretara, eta denboraren poderioz taula ere alboratu nuen.

Mendizaletasuna deskubritu nuen orduan, 22 urterekin edo. Askotan joaten ginen mendira hainbat kirol praktikatzera. Neguan jarduera ugari burutu ezin eta mendiko eskira pasa ginen.

Orduan itzuli nintzen eskiaz gozatzera. Mendi-eskian pistetan aurkitzen ez den askatasuna topatu daiteke, azken finean eski estazioetan ibiltzea nahiko monotonoa baita.

Eski instruktore izaterako jauzia nolakoa izan zen?

Lagun artean mendian hainbeste ibiltzen ginenez, Valdezcarayko estazioan antolatzen ziren eski-irakasle sarbide probetara sartzera animatu ginen. Durangoko Kirolene kirol irakaskuntza eskolak antolatzen zituen frogak. Sarbide frogetara aurkeztu ginen lagun guztiok gainditu genuen azterketa beroketan kolpe bat hartu zuen kide batek izan ezik. Oinarrizko titulazioa jaso genuen Durangon bertan hurrengo urtean.

 

"Mendi-eskian pistetan aurkitzen ez den askatasuna topatu daiteke, azken finean eski estazioetan ibiltzea nahiko monotonoa baita"

 

Titulazioa osatzeko Andorrara joan ginen, bertako Goi-Mendi Eskolara. Negu oso bat pasa genuen han. Ikastaroa nahiko gogorra izan zen, oso instruktore zorrotza egokitu zitzaigulako. Ordutegi oso estuak genituen, eta exigentzia maila nabarmena zen. Etxera deitzen nuenean kezkatu egiten ziren etxekoak, nekea nabaritzen zitzaidan ahotsean (barreak) eta!

Nola heldu zinen Valdezcarayko eski-estaziora?

Andorrako Goi-Mendi Eskolan titulazioa eskuratu ostean praktikak egitea zegokigun. Segituan jo genuen Valdezcarayra, etxetik gertu geneukalako eta sarbide froga bertan egin genuelako. Onartu gintuzten, eta negu guztia pasa genuen bertan.

 

"Zailtasun handienak taldeei ikastaroak ematerako orduan daude, askotan erritmo desberdinak dituelako jendeak"

 

Nolakoa da eski-intruktore baten lana?

Nik EDIV eskolan egiten dut lan, Vadezcaray-ko neguko kirolen eskolan. 51 irakasle gaude guztira, batzuek aste barruan egiten dute lan eta gainontzekook asteburutan. Egunero, lehenengo orduan, lana banatzen dugu instruktoreen artean, guztiok ordu batzuk lan egiteko aukera izan dezagun, bertarainoko bidaia amortizatzeko haina.

Bezeroak heltzen direnean elkarrizketa txiki bat izaten dugu beraiekin, euren ezagutza neurtzeko eta klase orduak planifi katzeko. Horren arabera pista batera edo beste batera mugitzen gara. Zailtasun handienak taldeei ikastaroak ematerako orduan daude, askotan erritmo desberdinak dituelako jendeak. Klase partikularrak askoz errazagoak eta eramangarriagoak dira errekurtso ugari baititugu ikaslea jaisten laguntzeko eta gidatzeko.

Zer da lan honek duen gauzarik erakargarriena?

Ikasleen poz aurpegia da jaso dezakedan saririk onena. Asko disfrutatzen dut jendea laguntzen eta hauen garapena ikusten, asebetetzen nau. Normalean azkar ikasten dute, eta bi orduko bi saiotan estazioko pista guztiei aurre egiteko gai dira, inongo problemarik gabe. Badira ere, saiatu arren, aurrerapausorik emateko gai ez diren ikasleak, elurretan ibiltzeko ere zailtasunak dituztenak. Izaten dira ordu frustragarriak, baina orokorrean ez dira ohikoak.

Nekagarria ere bada askotan, zazpi edo zortzi orduz jarraian talde ezberdinei irakasten egotea. Orain, negu hasieran egunak motzegiak dira oraindik, baina argi orduak luzatu orduko, lana bukatu eta mendi-eskia praktikatzen dut. Valdezcaray inguruko mendiak oso aproposak dira horretarako, eta estaziotik kanpo ez duzu inor aurkitzen. Gozagarria da oso.

Zer da eski-irakasle bezala ikusi duzun gauzarik bitxiena?

Askotarikoak bizitzen ditugu. Behin Kanariar Uhartetatik etorri zitzaigun talde bat, ez zuten elurra inoiz ikusia. Zoragarria zen haien harridura aurpegia. Segituan hartu zioten neurria eskiari, eta azken egunerako bikain moldatzen ziren.

Beste batean emakume bat etorri zitzaidan klasea hasi aurretik mendiko boten lokarriak lotzeko eskatuz, normalean bere senarrak lotzen zizkiolako. Zur eta lur geratu nintzen!

 

"Umeek oso azkar ikasten dute, baina pazientzia gutxikoak dira"

 

Gazteei ere irakasten diezu?

Bai, goizetan ikastetxeetako txango ugari izaten ditugu. Umeek oso azkar ikasten dute, baina pazientzia gutxikoak dira. Lehenengo momentutik daude pista malkartsuetara edo jauziak egitera joan nahiean, eskiak nola jarri ikasi aurretik! Une batez erlaxatuz gero, segituan daude mendi puntatik abiada bizian behera (barreak)!

Hala ere, nik argi daukat: umeek ondo pasa behar dute, bestela ordu guzti horiek ez dira probetxuzkoak izaten eta.

Eski-irakasle izatetik ba al dago bizitzerik?

Ez baduzu eski denboraldi guztia estazioan igarotzen ez, hori argi dago. Nik nire afizioa merke ateratzeko modu bezala ikusten dut, ezingo nintzateke bizi klaseak ematetik ateratzen dudan diruarekin. Ni argazkilaria naiz ogibidez.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide