Aiaraldeko bertso eskolak otsailean agurtu zuen txapelketa, ez ordea, lehiaketa. Mendialdea eta Aramaioko taldeak izan zituzten aurkari, eta "Ibabeko Bertaren bilobak" igaro ziren bigarren fasera. Hala, Amurrioko finalaurrekoan izango dira kantari Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirre. 19:30ean izango da bertso saioa, baina Asier Lafuente antolakuntzako kideak adierazi duenez, "pikoteoa egongo da aurretik".
Bertsolari gazteak entzuteko parada eskainiko du zitak, "Bapateroak" taldea sailkatu baitzen lortutako puntuazioagatik bigarren fasera ere bai. Hortaz, Aroa Arrizubieta -Euskal Herriko eskolarteko txapelduna-, Unai Anda, Maddalen Arrausi eta Xabier Antia oholtzaratuko dira, aramaioarrekin batera. Asteburuko saioan erabakiko da bigarren talde finalista, Errioxako "Txandrio" sailkatu baitzen iragan astean.
Kultura Etxean izango da saioa
"Amurrioko Gaztetxean egitekoak ginen saioa, baina karparen sabaia apurtu denez, Kultura Etxean izango da", erantsi du Lafuentek. Iragan larunbatean izan zen aurreneko finalerdia, eta motorrak bero dituzte: "Araian 35-40 lagun egon ginen. Ondo pasatzeko saioa da, animatu!".