Sinadura bilketa hasi dute zenbait gurasok Amurrioko Udalak eta Arabako Hezkuntza Ordezkaritzak euren seme-alaben egoera konpondu dezaten. Izan ere, 2 urteko 14 haur lekurik gabe geratu dira Lucas Rey Ikastetxean.
Horietako 12 umek ez dute plazarik eskuratu eta beste 2 kasutan berandu eman zuten izena. Gurasoen eskaera da dagoen espazioa beste modu batean antolatzea edo eraikin berria irekitzea eurentzat.
Antza, hainbat ume Lukas Rey Ikastetxetik oso hurbil bizi dira eta hezkuntzarako gune gertuena da eurentzat.
Errepikatuko den arazoa
Lucas Rey Ikastetxeko kontseiluan aritzen den guraso batek ohartarazi du, iaz bezala, datorren urtean ere arazo bera egongo dela eta guraso elkarteak ez duela gaitasunik horri erantzuna emateko. Familien ordezkariak uste du Amurrioko Udalaren eta Hezkuntza Sailaren esku dagoela umeei lekua topatzea.