Amurrioko Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri-berronartze Plan Orokorrari alegazioak aurkeztu dizkio Orain Amurriok, ingurumenaren eta generoaren eraginaren alorretan hirigintza azterketak hobetze aldera. Amurrioko udal taldeak hainbat proposamen aurkeztu ditu horri begira.
Ingurumen inpaktuari dagokionez, zenbait neurri zehatz aurkeztu dituzte. Hala nola, eraikin berriek euri ura filtratzea eta metatzeko azpiegitura izatea edota garajeetan auto elektrikoen kargarako beharrezko instalazioak jartzea. Landaredia eta gune berdeen sustapena ahalbidetuko lukeen hirigintza araudi bat ere jarri du talde politikoak mahai gainean, eraikitako 25 metro karratu bakoitzeko obraren sustatzaileek zuhaitz bat landatzea proposatu dute. Etorkizuneko eraikinen eraginkortasun-energetikoa hobetzeko neurriak hartzea ere gehituko diote plan orokorrari.
Genero ikuspuntuari dagokionez ere proposamenak batu dituzte hirigintza araudian txertatzeko. Urbanizazio berrien genero inpaktua jasotzen duen txostena aurkeztea derrigorrezkoa izatea eskatu dute. Horrez gain, espazio komunitarioetan segurtasun neurriak jartzea eta espazio sozial eta komunen sustapena bultzatzea exigituko dute eraikuntza berrietan.
Martxoak 8ko greba
Oharra argitaratu du Orain Amurriok Amurrioko Udalak Euskal Herriko mugimendu feministak deitutako greba deialdiarekin bat ez egin izana gogor kritikatuz. EAJ, PSE eta PP alderdien jarrera salatu du, "mugimendu feministak eman duen jauzi kualitatiboa" alde batera utzi izanagatik.