Duela gutxi sinadura bilketa abiatu duzu, zergatik? Zein da zuen egoera?
Sinadura bilketa iruditu zitzaidan ideia ona bi arrazoiengatik. Alde batetik, jendeak ikusteko Lucas Rey-Matias Landaburu ikastetxean gertatzen ari dena. Nik alaba izan arte, eta eskola kontuetan ibili arte, ez neukan ideiarik Amurrioko ikastetxe publiko honetan gertatzen ari zen egoerari buruz.
"Amurrioko jendeak jakin behar du euren seme-alabek ezingo dutela erabakitako ikastetxera joan"
Orain duela 2 urte, gutxienez, gehiago ez badira, Lucas Rey-Matias Landaburun ez dago 2 urteko geletan matrikulatutako haur guztientzako lekurik. Aurreko ikasturtean 6 haur geratu ziren kanpoan eta aurten areagotu da arazoa, 14 haur izan dira -2 epez kanpo-, eta hor esan beharra zegoen. Amurrioko biztanleek jakin behar dute haien seme-alabek, ziurrenik, ezin izango dutela erabakitako ikastetxera joan.
Beste aldetik, sinaduren bilketa indarra emateko izan da. Oraingo honetan beste batzuk izan behar dira -udala eta Hezkuntza Ordezkaritza- jakin behar dutenak ez garela gutxi arazoa ikusi eta konponbidea eskatzen dugunak. Jendearen babesa nahi dugu eta interneten dagoeneko 800 sinadura baino gehiago lortu ditugu.
Bi helburu horiek izan dira sinaduren bilketaren arrazoia. Gaur egun dauzkagun hedabiderik onenak Internet, sare sozialak... dira eta hortik joan behar ginela pentsatu nuen, eta asko pentsatu gabe nire proposamena bota nuen.
Kanpoan geratutako guraso gehienon kasuan, biok egiten dugu lan eta haurreskolan dauzkagu gure haurrak. Beste batzuk, biek lan egin arren, beraien artean moldatzen dira edo familiarekin, eta haur horiek ez doaz haurreskolara. Denetariko egoerak dauzkagu gure artean.
Zein da zuen aldarrikapena, zehazki?
Guk nahi dugu, aurreko urteetan egin den moduan, herriko beste itunpeko ikastetxe batean bezala, Lucas Rey-Matias Landaburun beste ikasgela bat zabaltzea gure haurrentzat. Hori da berehalako nahia, eta ondo baino hobeto legoke aukera hori zabaltzea atzetik datozen beste haurrentzat.
"Hurrengo ikasturtean egoera berean egongo gara"
Arduratzen gaitu ere hurrengo ikasturtean egoera berean egongo garela; Lucas Rey Ikastetxeko 3 urteko gela dagoeneko txikia da kanpoan geratu garen guztiontzat. 2019-2020 ikasturtean 10 plaza gehiago zabalduko dira, baina horiek ez dira nahikoak kanpoan geratu diren 14 haurrentzat. Gainera, pentsatu behar dugu gehiago ere izan daitezkeela.
Lucas Rey-Matias Landaburun nahi ditugu gure haurrak eta gaur ziurtatu nahi dugu 3 urteko gelan sartuko direla guztiak, eta gela bat aurten zabaltzen ez badute, egoera berdinean ikusiko gara urtebete igaro eta gero.
Ez ditugu gure haurrak zorabiatu nahi, aurten haurreskoletan, hurrengo urtean beste ikastetxe batean eta ondoren, Lucas Rey-Matias Landaburu ikastetxean. Gure nahia da ikastetxe horretan ikas dezatela hasieratik.
Beraz, laburbilbuz, nahi duguna da Lucas Rey-Matias Landaburun, gure haurrentzako gela bat sortzea. Ikastetxe publikoa eta gure ingurunetik hurbilen dagoena nahi dugu eta bata ezin da bizi bestea gabe, eta alderantziz.
Honekin ez ditugu beste ikastetxeak gutxietsi nahi. Baina gure apustua Lucas Rey-Matias Landaburu Ikastetxea da eta itunpeko ikastetxe batean egin izan bada gauza bera, aurten gu gara hori nahi dugunak.
Zure kasuan, Lukas Rey da hurbilen duzun ikastetxea?
Bai. nire etxetik ikastetxeraino 1 edo 2 minutu daude. Baina ez naiz pertsona bakarra. Beste bi auzokide dauzkat egoera berdinean eta beste hiruk euren leihoetatik ikastetxea ikusten dute. Hau da, 11 familietatik 6, minututan heltzen gara Lucas Rey-Matias landaburu ikastetxera.
"Ikastetxea etxetik 2 minutura daukat"
Falta diren beste 5ak ez dira hain hurbil bizi. Hala ere, hurbilen daukaten ikastetxea da hau ere. Are gehiago, bat Etxegoienen bizi da eta handik gertuen dagoen beste ikastetxe publikora 25-30 minutu inguru ditu oinez.
Bestelako aukerarik eman dizuete?
Momentuz ez. Itxaroten gaude behin-behineko zerrendak ateratzera eta horiek ikusita 2. eta 3. aukerak emango dizkigute.
"Iaz Amurrioko itunpeko ikastetxe batean gela bat gehiago eman zieten arrazoi beragatik, zergatik publikoan ez?"
Guztion bigarren aukera Lucas Rey-Matias Landaburu da baita ere, baina beste eredu batean. Eta ezinezkoak direnez bigarren aukera hauek, hirugarren aukerak emango dizkigute. Bertan bakoitzak bere lehentasunak ditu; batzuek hurbiltasunari eman diogu garrantzia, beste batzuek zerbitzu publikoak lehenetsi ditugu eta beste batzuek beste irizpide batzuk jarraitu ditugu.
Edonola ere, guk ez ditugu bigarren eta hirugarren aukerak nahi, hurrengo ikasturtean egoera berean egongo garelako. Eskatzen duguna ez da neurrigabeko eskaera, iaz Amurrioko itunpeko ikastetxe batean gela bat gehiago eman zieten arrazoi beragatik, zergatik publikoan ez?
Zein izan da erakundeen jarrera zuen eskaeren aurrean?
Udaletxean bilera bat izan genuen udalburuarekin, alkateordearekin, Guraso Elkartearekin eta eskolako zuzendariarekin. Azken bi hauek gurekin bat datoz. Ikusten dute arazo bat badagoela eta ez dela aurtengoa bakarrik, eta aurten ez dela amaituko ere. Baina eskatzen duguna gure guda da eta haiek bat etorri arren, gu izan behar gara eskaria egiten dugunok.
Bestalde, udalburuek ez dute arazotzat ikusten. Itxarongo dute behin-behineko zerrendak atera arte eta hirugarren aukerak eman arte. Haur guztiek leku bat dutenez, bai beste ikastetxe publikoan edo bai itunpeko batean, gure egoera ez da arazoa haientzat.
Ez daukaguna oso argi da beraien jarrera erantzun honen aurrean; iaz, itunpeko ikastetxe horretan geratu ziren haurrak -haien baimenarekin- lekua zeukaten ere beste ikastetxeetan eta, hala ere, baimena eman zieten beste gela bat osatzeko. Zergatik guri ez? Galdera honen aurrean erantzunak ez dira oso argiak.
Hezkuntzako Ordezkaritzaren zain gaude oraindik. Hitzordu bat eskatu genion, baina erantzun digu momentuz oso lanpetuta dagoela eta bilera ugari dituela. Gure sentimendua da denbora luzatzen ari dela, ikusteko noraino heltzen garen eta, era berean, epeak igarotzeko.
Sinadura bilketa ez ezik, zerbait gehiago egitea pentsatu duzue?
Momentuz sinadurak bildu, bai Interneten bidez zein idatziz. Amurrioko zenbait denda, taberna eta bestelako tokietan daude, eta nik beti gainean eramaten ditut.
Horretaz aparte, lehen esan bezala, delegatuarekin bilera bat egin nahi dugu eta bere erantzuna ikusita, erabakiak hartuko ditugu. Argi dago ezin garela geldirik mantendu. Baina momentua heltzerakoan, ikusiko dugu zer egin.