Puntazo Eguna berreskuratu dute Amurrioko jai-koadrilek. 2015ean ospatu zen jai horren azken edizioa, eta aurten guztiz indarberriturik itzuliko da ekimena.
“Amurriora ahalik eta jende gehien erakartzea izango dugu helburu”, jakinarazi dute antolatzaileek. Hori dela eta, egingo dituzten ekintzak “ezberdinak” eta “jendearen parte hartzea sustatzeko” pentsatutakoak izango dira. Beste helburu bat ere dute egunaren bultzatzaileek: Amurrioko jai koadrilen kopurua handitzea, “poliki-poliki” bada ere. Zentzu horretan, nabarmendu dute belaunaldi berriak “gogotsu eta indar berriekin” datozela.
Egun osoko egitaraua
Egun osoko egitaraua prestatu dute apirilaren 14rako. Xede nagusia “ondo pasatzea” izango da, nabarmendu dutenez: “koadrila bakoitzaren koloreak herritik ikusi nahi ditugu, jendeak disfrutatzea nahi dugu”.
Aurtengoa edizio arrakastatsua izatea espero dute. Izan ere, egunak ospea lortzen badu erronka berri bati heltzea dute buruan: Amurrioko Jaietako Koadrilen Egunerako egitarau “potenteagoa” osatzea.