Abeslarien lehiaketa batean zabiltza. Nolakoa ari da izaten esperientzia?
Itzela. Asko ikasten ari naiz, eta lagun berriak egin ditut. Bizitzan aportatzen duten gauzak eskertzekoak dira. Eskerrak eman nahi dizkiot bertako jendeari han egoteko aukera emateagatik. Telebista barrutik nolakoa den ikusi dut. Oso aberasgarria da musikaz bizi den jendearengandik ikastea. Ba!goaz-en inoiz egin gabeko gauzak egin ditut; pertsonai batzuk imitatu... Ondo entseatu ditut abestiak, eta hori ez dut sekula egin.
"Bakarrik jotzera ohitua nago, inoren iritzirik gabe. Programan adituen iritziek asko aberastu naute, oso eskertua nago"
Zertan datza programa?
Sistema honakoa da: 8 “couch” daude; aktoreak, abeslariak... Euskal Herrian musika zein zinema munduan ibilbide luzea egin duten pertsonak dira. Astero abeslari partaide bat eta kantu bat hautatzen dituzte. Guk haiekin entseatzen dugu, koreografia osatzen dugu eta nola abestu ikasi ere bai. "Couch"-ek bozketa egiten dute: lehen fasean partaideen erdiak kanporatzen dituzte. Bigarren fasean, berriz, banaka lehiatzen gara. Oso sistema polita da.
Musikari gisa lehendik ere hamaika plaza eginak dituzu...
Nireak plazak baino, kaleak dira! 24 urte ditut, baina egia da urte askoan ibili naizela toki batetik bestera musikagintzan. Hasieran 5 lagunekin jotzen nuen kalean. Atera genuen diruarekin furgoneta zahar bat erosi genuen, Andaluziara joan eta bertan joz bizitzeko. Alde egin baino egun bat lehenago ohartu ginen ez zela posible, furgoneta horrekin ezin ginela urruti iritsi. Kotxez jaitsi ginen... Herrietara joan, bateriarekin funtzionatzen duten anplifikagailuak jarri eta horrela aritu ginen!
Asko jo dugula egia da, baina ni ez naiz musikaria sentitzen. Musikaria niretzat ikasketaduna da, ni zaletua naiz.
"Musikaria niretzat ikasketaduna da, ni zaletua naiz. Niretzat asteko momentu onena da tresnak hartu eta Bilboko Gran Viara joatea"
Kale artistatzat zaituzte askok...
18 urte ditudanetik nabil kalean jotzen. Bilbon, Donostian, Biarritzen... Frantzian ere, baina udaltzainek bota egin gintuzten!
Orain lanean hasi naiz, baina kalera joaten jarraitzen dut, bertan sentitzen naiz ondoen: musika baloratzen duena geratzen da, eta besteek oinez jarraitzen dute, ez dago inolako problemarik. Niretzat asteko momentu onena da musika tresnak hartu eta Bilboko Gran Via kalera joatea. Egia da 18 urterekin taldetxoa joaten ginela, baina 20 urterekin banatu egin ginen, nork bere kasa jarraitu du. Nik bakarrik joaten jarraitzen dut. Hasieran kosta egiten da, jendartea hezi behar da, ezarritako kanona gainditu beharra dago. Jendeak badakit nitaz hitz egiten duela: “honek kalean jotzen du”. Eta hala da, gustatzen zaidalako noa, ondo sentitzen naizelako. Bakoitzak benetan gustuko duena egin behar du.
"Jendeak badakit nitaz hitz egiten duela: 'honek kalean jotzen du'. Eta hala da, gustatzen zaidalako noa, ondo sentitzen naizelako"
Kaleak asko aberastu nau. Jende asko ezagutu dut, lotsa kendu... 18-20 urterekin bakarrik nindoanen dardara sartzen zitzaidan musika tresnak lurrean uztean. Oso esperientzia polita da kalean jotzea, beti jarraituko dut.
Gazte sortzaileentzat kontzertuak falta dira, zure ustez?
Kontzertuak egon badaude. Badira antolatzen dituzten erakundeak eta tabernak. Kontua da zenbat emanaldi eman daitezkeen. Musika kultura oso eskasa da gure herrietan, hala ere. Tabernetan jotzea gastua da, eta jendearen aldetik erantzunik ez badago zaila da kontzertuak antolatzea.
Zer da zuretzat musika?
Dena. Altxatzen naizenetik etengabe entzuten dut: trenean, kotxean, gosaltzean...
Zein da zure helburu edo ametsa?
Musikaren baitan egunero haztea. Ametsa, berriz, nire kantu propioekin diska grabatzea. Ez dut amets zehatzik, nahiago dut gutxika lan egitea. Ametsetan baino eguneroko lanean sinisten dut. Nire ametsa bihar ere gogoz lan egitea da.
Telebistan agertzeak abeslariari indarra edo bultzada ematen al dio?
Ez dakit nola esan edo erantzun... Egia da egindako telebistako galetan iritziak jasotzen ditugula. Ezin da ukatu telebista sekulako tresna dela egiten duzuna jendeak ikusteko. Dena den, euskarri ona bezain txarra izan litekeelakoan nago. Telebistara bazoaz egiten duzun lana ona izan behar da, bestela oihartzun txarra izan lezake eta. Telebista izatea ona da, baldin eta gauzak ondo egiten badituzu. Beste gauza bat da zure kantak telebistan edo irratian zabaltzea; horrek, duda barik, indarra ematen dio musikariari.
Zure abestiak ala besteenak, zeintzuk kantatzen dituzu gusturen?
Biak. Nire kantuak egiteko besteenak abestu ditut lehendabizi. Gehiago gustatzen zaizkit, hala ere, nireak. Egia da besteen lanak interpretatzean, entzuleen feedbacka handiagoa dela, kantua ezagunagoa delako. Hori igarri egiten da, eta eskertzen da. Dena den, etxean bakarrik abesteko nireak nahiago ditut, nik sortuak direlako, nire istorioak. Kalean, beraz, besteenak nahiago ditut; baina nire abestiak kantatzea gehiago gustatzen zait, nik landuak baitira.
Noiz entzungo dugu Sabin Guarestiren diskoa edo kontzertua?
2018ko urtarrilean nire abestiak grabatzeko urtea izango zela esan nuen. 18 urterekin egindako kanta batzuk ditut kajoian eta sekulako gogoa dut grabatzeko. Pena da lan batzuk gordeta izatea eta jendeak ez entzutea. Talde bat egin dugu, "Sabin", eta entseatzen hasiko gara. Beraz, gutxika-gutxika pausoak ematen gabiltza, aurrera goaz.
Bestetik, kontzertuei dagokienean, nik ez dut jotzeari utzi; baina taldea sortu dugu orain. Sabinen abestiak ekainaren 23an entzungo dira, Donostiko Fnac-ek antolatuko duen jaian. Izan ere, kalean jotzen nengoela Donostiko Fnac-eko langile bat hurbildu zen, eta cd-a erosi zidan. Beti izaten dut 7 kanturekin disko bat salgai kalean. Asteburuan ikusi ninduen eta astelehenean idatzi zidan bertan jotzeko eskatuz. Sekulako poza eman zidan, izugarria da jendeak zure lana balioan jartzea. Sekulakoa da hainbeste ilusiodun proiektu batean halako argitxoa ikustea.