Emakumea eta baserritarra. Bizimodu zaila?
Aiaran lehen sektorean emakume asko gaude ardiekin eta behiekin lanean. Oso gazta onak ekoizten dira.
Gure kasuan, 1999-2000. urtean hasi ginen abeltzaintzan, 8 behirekin. Artomañakoak ziren abereetako batzuk, eta Orozkokoak besteak. Berotu egin ginen eta behi gehiago sartu genituen. Pabilioia egin genuen orduan, eta hemen jarraitzen dugu.
Jatea edo heztea, zein da zure ekoizpenaren helburua?
Guk ez ditugu hiltzen, genetikarako baliatzen ditugu. Hazitarako erabiltzen ditugu animaliak batetik, eta txahalak edota zekorrak ama izateko saltzen ditugu.
Zenbat abere dituzue guztira?
Une honetan gutxi ditut: 45, txikiak eta handiak kontuan hartuta. Duela hiru hilabete 18 saldu nituen... Orain, beraz, huts samar ikusten dut korta.
Feriak beharrezkoak dira, zure ustez?
Nagusiki azoketan saltzen da. Laudioko Dolumin Barikuko feria eta Amurrioko Sanrokekoa oso onak dira. Soriara, Salamankara, Aiarara... ere joaten gara. Izan ere, Aian gauzatzen dira pisaketak. Gainera, enkanteak egiten dira bertan animalia pisatu ondorenean. Euskal Herrian asko saltzen dugu, baita Espainian ere. Erdi bana da kopurua, gutxi gorabehera. Egia da, ordea, batzuk baserrira etortzen direla zuzenean aukeratzeko.
Arazoa, baina, beste bat da. Geroz eta gutxiago ordaintzen zaigu azoketara joateagatik; horregatik murriztu dugu, garraiatzea garestia baita. Bizkaian eta Gipuzkoan limusin txapelketak dituzte, baina Araban ez dago halakorik, ez dagoelako feria horietarako laguntzarik.
Kontrol neurriak zorrotzak al dira?
Pertsonek baino kontrol gehiago pasatzen dituzte behiek. Jaiotzean eta bi urtera egiten dira azterketa gehienak. Kortek diru ahalegin handia eskatzen dute, eta oso diru gutxi eman.
Kontrol mekanismoak ez dira berak guztientzat. Irunetik Espainiara inolako probarik gabe pasatzen dira animaliak, oinarrizkoekin soilik. Hemen, berriz, bi kilometro garraiatzeko proba guztiak eskatzen dizkigute.
“Geroz eta gutxiago ordaintzen zaigu azoketara joateagatik; horregatik murriztu dugu, garraiatzea garestia baita”
Zerk ezaugarritzen ditu zure animaliak?
Handiak dira, biziraupen luzekoak, luzeak... Oso ondo erditzen dute eta esne asko dute. Limusinak dira, baina oso otzanak, eskutik helduta ibiltzera ohituta daude.
Zuen ogibiderako zer du ona Aiaraldeak? Eta txarra?
Inguru oso ona da, baina lur sail arazoak daude, gutxi ditugu. Badira mendi komunalak, baina gaixotasunak kutsatu litezkeela eta arriskutsua da. Arazo nagusia lur eremu eza da, alokatzen direnak oso garestiak dira.
Hainbat txapelketetan parte hartu duzu...
Aurten ez gara Salamankan izan, ez nuen bertan saltzeko arrik eta. Astebete eman behar da bertan, eta korta ezin genuenez bakarrik utzi, kale egin genuen. Euskadiko txapelketan zekorrak eraman nituen, eta txahaletako batek -2 urtekoak- lehen postua lortu zuen. Bestalde, urtebete duen beste txahal bat hirugarren geratu zen. Horrez gain, mila kilo inguru dituen beste behi bat irabazteko hautagaien artean egon zen, baina ez zuten saritu.
“Inguru oso ona da Aiaraldea, baina lur sail arazoak daude, gutxi ditugu”
Zer nolako lana dago ganadutegi baten atzean?
Handia, ahalegin aldetik batez ere. Oso zaila da. Horregatik, etxean ganadurik ez duenak ez dut uste abeltzaintzari heltzeko aukera handirik duenik. Diru-laguntzak ez dira sekula iristen korta bateko gastuen parera, ez daude behar beste larre, abereak zaintzeko pabilioiak eraiki behar dira... Gastu handiak dira: argia, ura, albaitaria, pentsua, belarra... Gure kasuan, familia negozioa da, hiru pertsona gabiltza lanean.
Ekonomikoki ahalegin handia egin behar duela abeltzainak diozu. Eta pertsonalki?
Are gehiago. Guk ez dugu igande edota atsedenik, egunero egiten dugu lan: gauez, goizez... Erditzear dauden abereak zaindu behar dira, eta hazten ari direnak ere. Hemen, gainera, hezi ere egiten ditugu, “paseatzen” ikasi behar dute.
Nolakoa da zure lan-egun bat?
Egun guztiak dira berdinak, ez dugu jairik. Zortzietarako hemen egoten saiatzen gara. Gauetan kumeak amengandik bereizten ditugu, eta goizetan askatu. Dena den, berriro hesitzen ditugu, gurasoekin ez daitezen egun osoan egon. Arratsaldean berriro edoskitzen dute. Ganadutegi guztietan bezala, bost hilabetetik aurrera arrak eta emeak banatzen ditugu. Era horretan, udaberrian saltzeko prest egongo dira, Sorian edo Euskal Herrian.
“Guk ez dugu igande edota atsedenik, egunero egiten dugu lan: gauez, goizez...”
Zelakoa da abere salmentaren egoera merkatuan?
Geroz eta eskari gutxiago daude, Limusin asko daude eta geroz eta ganadutegi gehiago ari dira ixten. Erditzeko ganadutegietan hori nabaritzen ari gara, behintzat. Haragi-abereak baliatzen badira erreprodukziorako, geroz eta txikiagoak izango dira behiak. Ni horren kontra nago. Haragi-abereak hiltzeko edo jateko izan behar dira, gero erditzerakoan arazoak sortzen dira bestela eta.
Denborarekin ekoizpen sistema aldatu egingo zen...
Jakina, okerrera. Denbora gehiago ematen dute ukuiluratuta, belar lehorragoa jaten dute, elikadura aldatu da -pentsu eta lasto gehiago ematen zaie-... Larreetan egon beharko lukete belar berdea irensten, baina ez dago. Eguraldi aldaketak ez du horretan laguntzen.
Klima aldaketaren eragina nabaritu duzue?
Duda gabe, bai. Gure uzta beti dago kolokan. Euria egiten badu, esaterako, ezin dugu unerik egokienean belarra moztu.
“Klima aldaketaren eragina nabaritu dugu. Gure uzta beti dago kolokan”
Nola ikusten duzu abeltzaintzaren geroa?
Ufa, gaizki. Beste herrialde batzuekin ari dira akordio komertzialak lotzen, eta horrek bertako ekoizleak kaltetzen gaitu. Hemengoa bultzatu beharrean kanpokoa hobesten da. Hemengo haragia berezia da, atzerrikoa merkeagoa da, baina beti dugu ezpata aurrean, horrek hondoratu egiten gaitu, ezin dugulako ekoitzi prezio horretan. Guk kalitatea dugu, ingurumena zaintzen dugu eta tokiko produkzioa sustatzen dugu. Niri, etorkizunean, alabak ekoizpenarekin jarraitzea gustatuko litzaidake, behiekin jarraitzea.
Kontsumitzaileek ere izango dute zeresana guzti horretan...
Oso garrantzitsuak dira. Bertako produktuak kontsumitzen ez badira desagertu egingo gara. Kontsumitzaileak jakin behar du jaten duena non hezi den eta nola elikatu duten. Prezioaren aldagaia sartzen da hor: ez dugu txuleta egunero jan behar, baina hobe da gutxiago jatea, eta kalitatezkoa izatea. Herritarrei bertako produktuak erosteko eskatu nahi nieke.
Lehen “Label-ak” hemen jaio eta hezitako abereak soilik babesten zituen; gaur egun, Espainiakoak ere onartzen dira. Horrek bertakoaren babes-sistema kolokan jartzen du.
Nekazal-politikak aski al dira?
Ez, inolaz ere. Oso gaizki banatzen dira laguntzak. Espainiari hektarea bakoitzeko diru kopuru bat ematen diote. Hemen, 20 hektarearekin aurrera goaz, baina hori ez da jasangarria, nahiz eta oso ondo zaindu abereak. Pentsa, askotan seme-alabek animaliak eurak baino hobeto zaintzen ditudala esaten didate!