430.000 euro bideratuko dituzte AmurriokoEKIN aurrekontu parte hartzaileetara

Erredakzioa 2018ko api. 10a, 13:48

Udal-ordezkariak AmurriokoEKIN egitasmoaren aurkezpenean. / Amurrioko Udala

Gaur ireki da herritarren inbertsio-proposamenak jasotzeko epea. 

AmurriokoEKIN egitasmoaren bigarren edizioa abiatu du Amurrioko Udalak. 430.000 euro bideratuko dituzte aurrekontu parte-hartzaileak sustatzea helburu duen egitasmo horretara. Prozesu parte-hartzailea abiatuko du tokiko erakundeak, auzokideek erabaki dezaten zertan inbertitu diru-kopuru hori. Aurrekontuaren erdia -215.000 euro- 2019an erabili beharko da eta 2020. urtean, aldiz, beste erdia.

Gaur ireki da herritarren inbertsio-proposamenak jasotzeko epea. Auzokide bakoitzak nahibeste ideia aurkeztu ditzake, ondorengo baldintzak beteta betiere: Amurrion erroldatua egotea eta 16 urte izatea gutxienez. Helarazten diren proposamenak inbertsioak izan behar dira eta udalaren eskumenen barruan egon behar dira. Hori dela eta, prozesutik kanpo geratuko dira Batzar Administratiboetan gauzatzeko inbertsioak.

Ideiak helarazteko hainbat modu daude: Postontziak -Udaletxean, Kiroldegian eta Kultura Etxean-, Internet bidez -www.amurriokoekin.eus- edo posta elektroniko bidez  -partehartzea@amurrio.eus-. Horrez gain, karpak jarriko dituzte zenbait auzotan eta San Anton plazan merkatu egun batzuetan, auzokideen ideiak zuzenean jasotzeko.

Bi inbertsio mota
Udalak bitan banatuko ditu inbertsio-proposamenak: 5.000 euro baino gutxiagoko kostua dutenak alde batetik eta diru gehiago eskatzen dutenak bestetik. Urte bakoitzean baliatuko diren 215.000 euroetatik 200.000 baliatuko dira 5.000 euro baino gehiagoko inbertsioak gauzatzera eta 15.000, aldiz, txikiagoetara.

Lau fase
Udaletik jakinarazi dute prozesuak lau fase izango dituela. Ideiak aurkezteko epea amaituta ekingo diote bigarren pausoari: jasotako proposamenen bideragarritasuna aztertzea. Lehentasunen arabera sailkatuko dituzte gero, eta bozketa herrikoia egingo dute amaitzeko.

Auzokidez osatutako talde-motor bat sortu dute prozesu osoaren jarraipena egiteko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide