Martxoan jaso zuen Gorbei Allende Nerbioi Errugbi Taldeko jokalariak Espainiako Selekzioarekin Europako Errugbi Txapelketan parte hartzeko deia. Poloniako Poznan hirian jokatu zen txapelketa martxoaren 22tik apirilaren 1era.
Frantzia, Georgia, Belgika, Portugal, Errumania, Errusia, Holanda eta Espainia egon ziren ordezkatuta norgehiagokan. Gorbei Allendek eta bere kideek hiru partida jolastu zituzten guztira. Lehenengo partida Belgikako Selekzioaren aurka jokatu eta aise irabazi zuten, Allendek aurreikusi bezala.
Finalerdietan Frantziarekin egin zuten topo aurrez aurre, txapelketako selekzio indartsuenetako bat. Partidaren lehenengo zatian ondo moldatu baziren ere ezin izan zioten denbora luzez Frantziako Selekzioari eutsi eta galdu egin zuten.
Espainiako Selekzioak Portugalen aurka jolastu zuen hirugarren eta laugarren postuak ebatziko zituen partida. Norgehiagoka gogor baten ostean 17-0 gailendu eta Espainiako Selekzioak eskuratu zuen brontzezko domina.