Amurriock lehiaketako finalerdietara zein musika talde igaro diren jakinarazi du Burubio kultur elkarteak. Hamabi izango dira guztira. Horien artean daude Gwa Ya reggae talde aiaraldearra eta Goiatz Dutto laudioarraren Deimocracy metal taldea.
Datozen ostiraletan ebatziko da zeintzuk izango diren finalera helduko diren taldeak, lau finalerditan. 22:00etan hasiko dira laurak eta sarrera doakoa izango da.
Datorren maiatzaren 18an indie-pop estiloko taldeak igoko dira Burubio kultur elkarteko oholtzara: Meridian, Pomeray eta Hiri Galduak.
Hilaren 25ean, aldiz, rock eta metal musika jorratzen dituzten taldeen txanda izango da: Moonshiners, Vertigo Rising eta Deus Ez .
Ekainaren 1ean, aldiz, “popa eta beste estilo batzuk” entzun ahalko dira Burubion, Tristtan Mourguy eta Horeba, Gwa Ya eta Magic Inn taldeekin.
Ekainaren 8an joko dute finalerdietarako sailkatu diren azken hiru taldeak: Oslo Ovnis, Deimocracy eta Hoax Attack, hirurak ala hirurak metal estilokoak.
Burubio kultur elkarteko kideak pozik azaldu dira lehiaketak izandako harrerarekin, baina hautaketa prozesua zaila izan dela nabarmendu dute. Ekainaren 15ean izango da finala, Amurrioko Musika Astearen barruan.