Amurrioko Tenis Klubak ikastaroak eskainiko ditu Reforreko azpiegituretan. "Tenisa kirol erraza eta dibertigarria da", azaldu du Isacio Franganillo entrenatzaileak. Hori dela-eta, interesatu orori www.amurriotenis.com webgunearen edo 620924701 telefonoaren bidez harremanetan jartzeko gonbita luzatu diote.
"Txikitatik hasita, jokalariek oinarri sendoa lortzen dute", ziurtatu du arduradunak. "Gure nahia tenisa guztiengana heltzea da, umeengana batik bat, klubetara etor daitezen jokatzera, zailtasunetan oinarritutako aurreiritziak baztertuta".
Tenisa eta minitenisa eskaintzen dute Amurrion. "Gurasoentzat zein alaba-semeentzat kirol jarduera dibertigarri eta oso batera bideratzeko modua da". Modu horretan nahi dute sustatu tenis taldeen sorrera, kategoria guztietan EAEko, Nafarroako, Kantabriako eta Errioxako ligetan parte hartzeko.
Aurreratu dutenez, aurki antolatuko dute Amurrio Herria Txapelketa Irekia, jokalari federatuentzat.