“Oso gogorra izan zen Marokotik Aiaraldera etortzea, baina nire kabuz egin dut aurrera”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko mai. 27a, 07:00

Amurrion bizi da Layla Lamaamli. / Aiaraldea.eus

LAYLA LAMAAMLI (Maroko, 1992) 15 urte zituenean etorri zen Aiaraldera bizitzera. Garai hartan hijaba -emakume musulman batzuek daramaten zapia- zeraman, baina eramateari utzi behar egin zion jaso zituen presioengatik.

15 urte zenituela etorri zinen Aiaraldera. Nolatan?

Nire aita hemen zegoen lanean. Familia berriz biltzeko eskaera egin zuen eta horrela etorri ginen nire ama, nire anaiak eta ni. Nire gurasoak Gasteizen bizi dira eta ni Amurrion, bakarrik.

Nola iritsi zinen Amurriora?

Lehen urtean Okondon egon nintzen bizitzen, nire aita bertan zegoelako. 2009an Etxebideren etxebizitza egokitu zitzaien gurasoei Amurrion eta orduz geroztik bertan bizi naiz. Duela urtebete beste etxebizitza bat egokitu zitzaien Gasteizen eta bertara joan ziren bizitzera. Nik pisu bat alokatu nuen orduan Amurrion, herriarekin eta bertako lagunekin lotura handia dudalako.

Nahiko nagusia zinen Marokotik hona bizitzera etorri zinenean. Aldaketa handia izan zen?

Txikiagoa nintzela etortzea gustatuko litzaidake, 3-4 urte nituenean. Ez nuen etorri nahi. 15 urte nituen eta ikasketak Marokon egiten ari nintzen. Medikuntza ikasteko asmoa nuen. Oso ona nintzen ikasketetan, oso gogoko nuen klasera joan eta ikastea. Hizkuntzak izan dut beti gogokoen. Klaseko lehenengoa nintzen beti! (Barreak)

 

“Ez naiz damutzen etorri izanaz, baina ez nuen ondo pasatu. Lagunak, familia, ohiturak... utzi behar izan nituen atzean”

 

Nik ez nekien hona bizitzera etorriko nintzela nire aitak etxera deitu zuen arte. Erabateko kaosa izan zen. Hasieran esperientzia berria bezala hartzen saiatu nintzen, ilusioarekin.

Nuen adinarekin ezin nion nire aitari esan Marokon geratuko nintzela. Ez naiz damutzen etorri izanaz, baina ez nuen ondo pasatu. Lagunak, familia, ohiturak... utzi behar izan nituen atzean, ezagutzen ez nuen kultura eta hizkuntza batean murgiltzeko. Asko kostatu zitzaidan ohitzea, aldaketak asko eragin zidan psikologikoki.

Baina aurrera egin zenuen.

Bai. Kalera irteten ikasi nuen hizkuntza. Nire aitak ez ninduen etxean egoten uzten. Entzuten nuen hitz bakoitza idazten nuen, gero nire aitari esanahia galdetzeko. Eskua guztiz marraztuta nuela itzultzen nintzen etxera. Lagunak egin nituen, eta eurek ere asko lagundu zidaten hizkuntzaren ikasketa prozesuan.

Zaraobe Institutuan DBH ikasten hasi nintzen. Hasieran irakasle bat jarri zidaten gaztelera klaseetan lagun ziezadan. Nire ustez, gauza nahiko sinpleak irakasten zizkidan, izen maskulino edo femeninoak adibidez. Ergela sentitzen nintzen.

Marokon nengoela gaztelerazko hiztegi eta liburu batzuk eskuratu nituen, oinarrizko gauzak ikasteko. Hona etorri nintzenean ingelesez eta frantsesez komunikatzen nintzen hasieran. Baina ez nintzen eroso sentitzen, hasieratik gazteleraz ulertzea gustatuko litzaidake.

Irakaslea laster konturatu zen laguntzarik gabe moldatu nintekeela. Gainontzeko ikasleek ikasten zuten materia berbera jasotzera pasa nintzen orduan, baita gizarte zientzietako klaseetan ere. Zati bat ingelesez egiten nuen eta euskarazko ordu batzuk ere nituen, hizkuntza apur bat ikasteko. Gustuko izan nuen euskara ikastea, Euskal Herrian soilik hitz egiten dela jakin arren.

 

“Gainontzeko ikasleak zur eta lur geratzen ziren ikasgaiak gainditzen nituela ikusten zutenean”

 

Uste dut orotara 7 hilabete behar izan nituela hizkuntza ikasi eta nire ingurukoekin komunikatzeko gai izateko. Urte hartan gai izan nintzen ikasgai guztiak gainditzeko. Gizarte Zientziak ere gainditu nituen, klasean ematen ziren gauza guztiak etxean memorizatuta, horietako asko ulertzen ez nituen arren.

Ez nuen ikasgairik suspenditu nahi, Marokon ikasten nuenean oso nota onak ateratzen nituelako. Asko eragin ninduen klasean lehenengoa izatetik ostean ozta-ozta gainditzera igarotzea. Oso gaizki pasa nuen, baina ez nuen itxaropena galdu. Gainerako ikasleak zur eta lur geratzen ziren ikasgaiak gainditzen nituela ikusten zutenean.

Bizpahiru urte egon nintzen Zaraoben ikasten, DBH amaitu arte. Gogoratzen dut zuzendariak bere bulegora joateko esan zigula hainbat ikasleri. Zoriondu egin gintuen, gu bezalako ikasle gehiago izatea gustatuko litzaiokeela esanda. Batxilergoa bertan egitea proposatu zidaten, baina Laudio Institutura joan behar izan nintzen, Zaraoben euskaraz soilik eskaintzen zutelako.

Batxilergoko lehen urtean, baina, urteen poderioz pilatutako karga psikologiko guztia lehertu zitzaidan.

Zer dela eta?

Denak izan zuen eragina. Hona etorri izanak, ohitura aldaketak, hasieran gaizki hitz egiten zidan jendeak...

Ezin izan nuen Batxilergoa amaitu. Horren ondorioz, erdi-mailako gradu bat gin behar izan nuen. Vidralan egin nituen praktikak eta lan bila hasi nintzen gero. Gehiago ikasi nahi nuen, baina ezin nuen, lan egiten jarri behar nintzelako, oso familia handia delako gurea. Arreta Sanitario modulu bat egin nuen gero, eta egun zaintzaile gisa egiten dut lan.

 

“Hainbat komentario txar jaso nituen Zaraoben, nire herri berean bizi diren eta ezagutzen ditudan pertsonen eskutik”

 

Arazorik izan al duzu Marokokoa eta musulmana izateagatik?

Bai, hainbat komentario txar jaso nituen Zaraoben, nire herri berean bizi diren eta ezagutzen ditudan pertsonen eskutik. Nire erlijioaren aurka jarduten zuten, nire sinesmenak errespetatu gabe. Gaizki pasa nuen, negar egiteraino. Institutuko zuzendaritzarekin bilerak izatera iritsi ginen, pertsona horien jazarpena medio. Ezin nuen isildu, ez naiz gauzak isiltzen dituenekoa. Negar egiten nuen, bai, baina banekien nire burua defendatzen.

Hori guztia hasieran izan zen, hona etortzean pairatu nuen aldaketa handiaren ondorioz. Baina gero moldatzen joan nintzen, lagunen eta beste beste jende baten laguntzarekin. Oso lagunkoia naiz eta pertsonak diren moduan onartzen ditut. Niri ondo eta errespetuz tratatzen badidate nik berdina egiten dut. Ez dut zure izaera aldatuko nirearekin bat ez badator.

Jende askok ez daki zertan datzan musulmana izatea. Nik kristautasuna edo beste edozein erlijio bezalakoa dela uste dut, bakoitzak sinetsi dezala nahi duena. Badago oso erlijiosoa den jendea, baina baita horren erlijiosoa ez dena ere. Toki guztietan bezala. Hemen bizi den jende guztia ez da kristaua. Batzuk diote ez dutela jainkoan sinesten, pertsonengan baizik; bakoitza den modukoa da.

 

“Marokon emakumeak ez gara gizonezkoen pentsamoldearekin jaiotzen”

 

Egun zuk ez daramazu hijabik.

Jende askok uste du emakume musulmanok derrigorturik eramaten dugula hijaba, gurasoek, senarrak edo anaiek aginduta; eta ez da egia. Badago jende matxista, baina toki guztietan. Nire amak, amonak, izebak… zapia baldin badute, eurak hala nahi dutelako da.

Niri askotan esan didate -eta oraindik esaten didate- hijaba derrigorturik eramaten dugula. Baina zer pentsatzen duzue? Nik badut nire izaera eta pentsatzeko modua, nik neuk hartzen ditut nire erabakiak. Marokon emakumeak ez gara gizonezkoen pentsamoldearekin jaiotzen. Bakoitzak egin dezala egokien ikusten duena.

Ni bi urtez egon nintzen zapia janzten, hala erabaki nuelako. Horrek eragin handia izan zuen hona etorri nintzenean, harreman zuzena izan nuen pairatu nuen sufrimenduarekin. Jende guztia niri begira geratzen zen, ezin nintzen kalera atera.

 

“Ni bi urtez egon nintzen zapia janzten, hala erabaki nuelako. Horrek eragin handia izan zuen hona etorri nintzenean, harreman zuzena izan nuen pairatu nuen sufrimenduarekin”

 

Horregatik erabaki zenuen zapia eramateari uztea?

Etorri nintzenean zapia eramaten jarraitu nuen hasieran. Baina supermerkatura joaten nintzenean, adibidez, jende guztia geratzen zitzaidan begira. Biluzik egongo banintz bezala sentitzen nintzen. Eta ni: “Zer geratzen da? Arropa normala daramat soinean. Nire burua edo ilea estali nahi dut, zuk ilea moztu edo txapel bat eramatea gustuko izan dezakezun bezalaxe".

Baina jendeak ez zuen ulertzen. Ez nien jaramon egiten komentarioei, baina baziren iraingarriak. Erantzun nahi izaten nien, ni ere pertsona nintzela aldarrikatzeko. Baina ez nintzen hizkuntza horren ondo erabiltzeko gai.

Garai hartan gaur egun dudan heldutasuna izango banu ziur ez nukeela eramateari utziko, eraman nahi nuelako. Hona bizitzera etorri nintzenetik nire kasa egin dut nire bidea, nik neuk hartu ditut nire erabakiak.

 

“Tratu txarrak jaso nituela esango nuke, tratu txarrak ez baitira soilik jipoietan neurtzen, baita begiradetan ere”

 

Eskolan ere arazorik izan zenuen zapiarekin?

Institutuan ere berdin, oso gaizki pasa nuen. Tratu txarrak jaso nituela esango nuke, tratu txarrak ez baitira soilik jipoietan neurtzen, baita begiradetan ere. Klasean zapia zeraman bakarra nintzen ni. Hala ere, klasean ez nuen gaizki pasatzen, patiora jaistean gertatzen zen dena.

Ni ez naiz ergela, badakit jendearen begiradak irakurtzen. Arrazismo moduko bat zen. Zorionez, hasieran baino ez zitzaidan gertatu hori. Halako gauza gehiago pairatu izan banitu ia ziur ez nintzatekeela euskal jendearekin horrenbeste erlazionatuko. Eskerrak ezagutu dudan jendea ezagutu dudala.

Duela hamar urte gertatu zitzaidan hori, baina esango nuke gaur egun ere gertatzen dela, noski geratzen dela. Azkenean zapia kentzea erabaki nuen. Oso arraro sentitzen nintzen, ezberdin. Haizeak ilea mugitzen zidan… nire gorputzaren zati bat kendu izan balidate bezala sentitzen nintzen. Oso gaizki pasa nuen.

 

“Hijabik gabe nire gorputzaren zati bat kendu izan balidate bezala sentitu nintzen”

 

Gustatuko litzaidake jendeak beste modu batera jokatzea. Badago presioak presio aurrera egin dezaketen emakumeak, baina badaude baita ezin dutenak ere.

Haur bat nintzen, ezagutzen ez nuen lurralde batean galduta. Enpatiarik gabeko jendez inguratuta nengoen. Badago ondo tratatzen zaituen jendea, baina baita hurbiltzen zarenean lapurtu egingo diozula uste duen jende asko ere. Gauza asko dira, eta ez litzateke horrela izan beharko.

Baduzu zapia berriz jartzeko asmorik?

Ez dakit etorkizunean berriz jarriko dudan. Nire erabakia izango da.

Ezagutzen al duzu antzeko kasurik pairatu duen emakumerik?

Jatorri askotako pertsonekin dut harremana, kultura eta herrialde askotako lagunak. Baina gustuko dut Euskal Herriko jendearekin egotea. Gauza berri asko ikasten ditut.

Denetarik ezagutzen dut: hona nire antzeko egoeran etorritako lagun marokoar batzuek ez daramate zapirik, baina ezagutzen ditut baita hemen jaio diren eta hijaba daramaten nerabeak.

Badut lagun bat irakasle-ikasketak dituena eta islam klaseak ematen ari dela euskaraz, Eibarren. Romaesa Benslaima du izena. Hemen jaio zen, baina zapia darama, eta zu bezain ondo moldatzen da euskaraz.

 

“Badut etorkizunean berriz janzteko asmoa, oraindik noiz ez dakidan arren. Nire erabakia izango da”

 

Imajinatu zu Marokora zoazela eta jende guztia begira geratzen zaizula. Ez dute egingo. “Begira, europar bat”, esango dute. Ondo tratatuko zaituzte, jende abegikorra garelako.

Munduan egoten ikasteak ez du zerikusirik erlijioarekin. Bakoitzaren izaeraren araberakoa da hori. Norberak ahal duen bezala egiten du aurrera. Nik nire bidea egin dut, baina ezin dut ukatu psikologikoki eragin didala. Gustatuko litzaidake jendea elkarri laguntzea, arrazismo gutxiago egotea. Baina, zoritxarrez, toki guztietan ez da horrela, oraindik gertatzen dira halakoak.

Zergatik sartu behar da jendea besteen bizitzetan? Txerriekiko sinesmen bat duzula esaten badidazu ere niri bost axola. Zu zu zara. Pertsonari ematen diot garrantzia nik.

Oraindik pairatzen dituzu halako erasoak?

Bai, baina jada ez didaten eragiten, asko ikasi dudalako. Niri zuzenean jada ez zaizkit gertatzen, baina entzuten dituzu komentarioak, edo telebista ikusten duzu… eta konturatzen zara 2018an gauden arren, gauzek berdin jarraitzen dutela, ez dela ezer aldatu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide