1,8 milioi euro inbertituko ditu Aldundiak Amurrioko herriguneko eta kontzejuetako ur-horniketa hobetzeko

Erredakzioa 2018ko mai. 17a, 11:00

Ur-sareko azpiegiturak hobetuko dituzte. / Kantauriko Urkidetza

Ura Askargan mendiaren gainetik Izoriako Ur Edangarriaren Tratamendurako Estazioraino eramateko bidea eraikiko dute.

Amurrioko ur-horniketa hobetzeko obrak kontratatuko ditu Arabako Foru Aldundiak. Hala ebatzi zuen atzo erakunde publiko horren Gobernu Kontseiluak.

Lan horien helburua izango da ura Askargan mendiaren gainetik Izoriako Ur Edangarriaren Tratamendurako Estazioraino eramateko bidea eraikitzea. Ur horiek Aspuruko estazioan tratatu dira orain arte. Gauzak hala, zerbitzua hobetuko dela nabarmendu du Foru Aldundiak, Izorian azpiegitura modernoagoak daudelako.

Era berean, Izorian tratatutako ura Larrinbe, Iperraga eta Aspuruko biltegietara bideratzeko azpiegiturak ere sortuko dituzte.

Obrak egiteko 1.849.257 euro baliatzea aurreikusi du Aldundiak. Obrak egiteko kontratatuko den enpresak hamar hilabeteko epea izango du lan guztiak egiteko, esleipena gauzatzen den unetik hasita.

Etorkizunerako proiektuak
Etorkizunean ur-sare hori garatzeko asmoa adierazi du Kantauriko Urkidetzak, Saratxo, Lekamaña, Berganza eta Berganzagoitiraino iritsita. Iperragako estazioa erabiltzeari utzi ahalko liokete modu horretan, zerbitzuaren eraginkortasuna handituz. Lezamako ur-horniketa ere sare berri horretara lotzeko asmoa adierazi du erakundeak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide