Orain Amurriok iragarri du EAJk prestatutako udal aurrekontuen zirriborroak ez dituela herriko behar sozialak asetzen eta, ondorioz, zuzenketa osoa egin du.
Gauzak horrela, EAJri zirriborro berria osatzeko eskatu diote. Zazpi arrazoi argudiatu dituzte horretarako:
- PPk, PSOEk eta EAJk udalaren gainetik dauden erakundeetan adostu dutela zergak biltzeko sistema atzerakoia. Hori dela medio, udalek ezin diete behar sozialei aurre egin.
- Partaidetzarako tarte txikia gutxi dagoela salatu dute, eta diru kopuru oso urria bideratzen dela horretara.
- Aipatu dutenez, 270.000 euro erabiltzen dira jarduera osoa duten 12 langileren osagarrietan. Orain Amurriok langile publiko ororen betebeharrak ondo zehazteko eskatu du.
- Horrez gain, oposizioko kideek nabarmendu dute enplegua sustatzeko ekimenak -bekak eta Sartu programa- ez direla nahikoak.
- Bestalde, Orain Amurriok ez du babesten zerbitzuak (kiroldegia, garbiketa...) azpikontratatzea, eta udalak bere gain hartzea eskatu du.
- Hori ez ezik, zerrendak aipatu du iaz hobariak eskatu zituela oinarrizko beharrak dituzten familientzat; ur edo energia kontsumoan, alegia. Oposizioko taldeak adierazi du iradokizuna ez dela aintzat hartu.
- Bukatzeko, Orain Amurriok azpimarratu du inbertsioen artean aurreikusi dela 1.071.925,08 euro gastatzea futbol zelai batean, eta ez dute uste lehentasunezko helburua denik.