Arabako euskarazko futbol topaketetan izan da Etorkizuna

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko mai. 22a, 13:55
Agurainen izan zen topaketa. / Amurrioko Udala

Igandean izan ziren Agurainen Etorkizuna taldeko jokalariak. Lehenbizikoz antolatu dute Euskarazko futbol taldeen topaketa, 6-7 urtekoen artean hizkuntza ohiturak indartzeko.

Igandean elkartu ziren Agurainen futbol jokalari gazte arabarrak, lehenbizikoz. Arabako Euskara Zerbitzuen taldeak antolatu zuen ekimena, Arabako kuadrilla eta udaletako euskara teknikarien laguntzaz. 

Lautadara hurbildu ziren, besteak beste, Amurrioko Etorkizuna taldeko kirolariak. Parte hartzea positiboki baloratu dute antolatzaileek, Mendialdeatik, Agurainetik eta Amurriotik haur eta guraso andana hurbildu baitziren. 6-7 urteko haurrak izan ziren protagonista.

Futbola, euskara sustatzeko eremu
Beñat Mendiguren Amurrioko Euskara Zerbitzuko teknikariak azaldu duenez, "Araban kirol mundua euskalduntzea da helburua". 20 minutuko bina saio izan zituzten partaideek, 10 minutuko atsedenaldiarekin.

Tarte horretan aritu ziren bertsotan Julen Zulaika eta Aroa Arrizubieta. Futbolari gazteek harremanak estutzeko luntxa ere izan zuten: "Saioen ostean talde argazkia atera genuen, eta kamiseta oparitu".

Imanol Ituño magoaren emanaldiarekin bukatu zen eguna. Horrez gain, Alaves taldearen partida profesionala ikusteko sarrera bana eskuratu zuten partaideek. Lau orduko dinamika izan zen, eta autoz zein autobusean makina bat amurrioar bertaratu ziren, futbolariak zein gurasoak.

Esperientzia gehiago
Futbola kirol masifikatuena izanagatik hautatu dute, eta adina kirol klubetan buru-belarri dauden urte tartea delako. "Hizkuntza ohiturak indartzea nahi dugu, haurrek datozen urteetan euskaraz kontaktua izaten jarrai dezaten", erantsi du euskara teknikariak. Hala, euskaraz aritu ziren zelaian futbolariak, entrenatzaileak eta epaileak.

Ez da amurrioarren aurreneko esperientzia izan igandekoa. Izan ere, Etorkizuna futbol taldeko hezitzaileei trebakuntza saioak eskaini dizkiete, euskararen sustapena areagotzeko. "Bide luzea geratzen da oraindik, baina horretan ari gara". Futbolarekin bezala, bestelako kirolekin ere antzeko dinamikak garatzea dute buruan, saskibaloiarekin kasu.

Euskaraldiaren barruan kokatu zuten igandeko dinamika. Hurrengo urteari begira topaketa tokiz aldatzeko ideia dute, arduradunen esanetan. Aurreneko topaketa izanagatik, pozik azaldu dira parte hartze eta emaitzarekin: "Lehenbiziko aldia izan da, baina hurrengoetan jende gehiago batzea espero dugu Gorbeialdean, Errioxan eta Aiaraldean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide