Peña Etxegoienek -Athletic Clubeko jarraitzaileak batzen dituen elkarteak- bihar ospatuko du urtero egiten duen jaia. 13:00etan pintxopotea abiatuko dute Urrutia Jauregiko plazatik eta inguruko tabernetan arituko dira. Gero, Arenalde jatetxera joko dute. Han "La Otxoa" artistarekin bazkalduko dute. Izan ere, athleticzale amorratua dela bera.
"La Otxoa" artista eta LGTBI ekintzailea
José Antonio Nielfa "La Otxoa" abeslari ospetsua da. Libérate kantak izugarri famatua egin zuen 80ko hamarkadan eta guztira 17 disko grabatu ditu. Emakumez jantzita bere tabernan abesten hasi zen, eta 1981eko Aste Nagusian kontzertua eman ostean, oholtzetara eman zuen jauzia.
Horrez gain, 1968an atxilotu zuen frankismoak homosexuala izateagatik eta espetxean igaro zituen bi hilabete inguru. Sarekada handian atzeman zuten eta 80 lagun inguru harrapatu zituzten taberna gayetan, Bartzelonan. Hori dela medio, eta bere jardueraren ondorioz, La Otxoa sexu askatasunaren aldeko diskurtsoaren ikur bilakatu zen.
Peña Etxegoien, bi hamarkadako ibilbidea
Amurrioko taldeak 200 bazkide inguru dauzka eta ia 20 urte bete ditu. Bizkaitik kanpoko peña jendetsuenen artean dago. Urteroko ospakizunetan athleticzale famatuek parte hartu izan dute, Iribar atezainak, besteak beste.
Athletic Clubeko irteerak ikustera joaten dira maiz. Bazkideen zein Luis Izagirre arduradunaren lana nabarmendu nahi izan dute jaiaren antolatzaileek.