Euskal Herriko eta Palestinako federazioen ofizialtasunaren aldeko borrokaldiak ezin izan du egoera politikoa saihestu eta bi kirolari palestinarrek besterik ez dute izango aukera lehiatzeko bihar, hasieran 5 aritu behar baziren ere.
Berez, Espainiako Gobernuak ez du Estatu Palestinarra aitortzen eta, ondorioz, ez die bertako borrokalariei bisarik eman. Egoera latza zen aurretik ere, kirolariek bidaia egin behar baitzuten Jordaniara hegazkina hartzeko.
Edonola ere, hurbilago bizi diren bi palestinarrek parte hartuko dute hitzorduan. Horrez gain, gainerako borroketan geratu diren lekuak euskal kirolariek hartuko dituzte, euren artean, Dani Tojo laudioarrak.
Elkartasun ekonomikoa ere
Besteak beste, Aratz Garmendia bihar borrokatuko da eta bere ohiko soldata profesionala murriztuko du. Arrazoia da borrokaldian eskuratuko den dirua Palestinara bidali nahi dutela antolatzaileek.
Arazo gehiago
Gorabehera horiek ez ezik, gehiago izan ditu Euskal Herria-Palestina borrokaldiak. Antza, Euskal Federazioak eskatu zien hitzordua bertan behera uztea Amurrioko PP eta PSE-EEko zinegotziei. Federazioaren argudioa izan zen borrokaldia ez zegoela homologaturik eta, hori dela medio, aseguruak ez zituela berme guztiak.
Dena den, antolatzaileak atzo bildu ziren Amurrioko zinegotziekin eta azaldu zieten aseguru pribatua kontratatu dutela eta arazo legalik ez dagoela.