13 milioi eurokoa izango da Amurrioko udal-aurrekontua

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko eka. 5a, 07:11

EHBildu abstenitu egin zen aurrekontuen bozketan. / Aiaraldea.eus

EAJk eta PSE-EEk udal aurrekontuen alde bozkatu zuten, eta PPk, Orain Amurriok eta Amurrion Guk Baik kontra. EHBilduren abstentzioa izan zen aurrekontuei bidea irekitzeko gakoa.

Luze jo zuen astelehenean Amurrioko Udal Osoko Bilkurak. 2018ko udal-aurrekontuak bozkatu zituzten bertan. 13 milioi euroko aurrekontua izango du udalak aurten.

EHBildu abstenitu egin zen bozketan, aurrekontuen onarpenari bide emanez. Abstentzioaren truke, 690.000 euroko inbertsio plana gauzatzeko konpromisoa eskatu dio opozisioko talde politikoak udal gobernuari. Besteak beste, 300.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusten du plan horrek Amurrioko gasolindegi zaharra zegoen tokian biribilgune bat jartzeko. “Handira jokatu” nahi izan duela azaldu zuen koalizio abertzaleak, aurreko urteetan aurrekontuei emendakinak jarri eta hauetako asko exekutatzen ez zirela ikusita. 2018ko aurrekontuen erredakzioan modu pasiboan aritu eta emendakinak aurkeztu ez izana leporatu diote EH Bilduri PP, PSE eta Amurrion Guk Bai alderdiek. “Errespetu faltatzat” jo dute alderdi txikiek koalizioaren abstentzioa.

PPren eskariak
PPko zinegotzi Montserrat Canivek, bestalde, Aiaraldea hedabideari edota Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluari ematen zaizkien diru-laguntzak etetea eskatu zuen.

Orain Amurriok batzordean aurkeztu zuen bere ezezkoa, Udal Gobernu Taldearen aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuz. Orain Amurrioko kideen esanetan, iaz emendakin partzialak egin zituzten eta ibilbide laburra izan zuten, plenoan adostutako gauza ugari ez baitira aurrera atera. Halaber, aurrekontuen parte-hartze eskasa ere salatu dute talde politikoko kideek.

Aurrekontu parte-hartzaileak ez direnaren kritikari zuzenean erantzun zion Udal Gobernu Taldeak. “Orain Amurriok ezin du parte-hartzeaz hitz egin aurrekontuak eztabaidatuko diren batzordetik alde egitea erabakitzen badu”, adierazi zuten jeltzaleek.

Hainbat proiektu
Pozik agertu da Josune Irabien aurrekontuen onarpenarekin, Amurrion proiektu berriak martxan jarri ahalko dituztelako. Gasolindegi zaharreko errotonda eraikitzeaz gain, herriko luminariak berrituko dituzte eta erabilera-anitzeko zelai bat jarriko dute Reforreko kirol azpiegituretan, belar artifizialekoa.

Horrez gain, Gazteei zuzendutako enplegu planarekin aurrera jarraitzeko aukera izango dutela  azpimarratu du alkateak.

Pentsionisten mozioa
Amurrioko Pentsionisten Plataformak mozioa aurkeztu zuten udalean EHBildu eta Orain Amurrioren babesarekin. 1.080 euroko pentsio minimoa eskatu eta Espainiako Gobernuaren %0,25eko igoera salatu zuten mozioan. Zegokion batzordean eztabaidatu ostean, EAJk emendakina aurkeztu eta PPren eta PSEren botoekin atera zen proposamena. Emendakin hori izan zen atzoko udalbatzan bozkatu zutena. EHBilduren hitzetan, "mozio originala ez den eta ezer esaten ez duen testu hutsala" zen. Batzordean alde bozkatu zuten alderdien babesarekin atera zen aurrera.

Julen Ibarrola eta Alfredo Remirezi bisitak
Gai ordeneko beste puntu batean, udal ordezkariek Alfredo Remirez eta Julen Ibarrola presoei bisita egitea eskatu zuen EHBilduk. EAJk adierazi zuen udaletik bere esku dauden tramite administratibo guztiak beteko dituela udal ordezkariren batek bi presoei bisitak egin nahi izatekotan. Montserrat Canive kexatu egin zen udalbatzetan "Altsasuko gazteei, Julen Ibarrola eta Alfredo Remirezi eta Gure Esku Dagori buruzko mozioak eztabaidatzen direlako bakarrik, eta ez herrian benetan interesa daukaten gauzei buruzkoak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide