Amurrioko Gazte Asanbladaren urteurreneko egitaraua moldatu dute, Altsasuko gazteen aldeko manifestaziora joan ahal izateko

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 13a, 12:24

13:30ean egingo dute herri bazkaria. / Aiaraldea.eus

Desorden, Anita Parker eta Tximeleta taldeek joko dute iluntzean. Gazte sortzaileen gunea izango da aurtengo berrikuntzetako bat.

Amurrioko Gazte Asanbladaren 11. urteurrena ospatuko dute larunbatean. Egun osoko egitaraua antolatu dute gazte asanbladako kideek, baina azken orduko aldaketa bat egin dute planteamenduan. Bertan behera utzi dituzte arratsalderako pentsatuak zituzten ekintzak, Iruñean egingo den Altsasuko gazteen aldeko mobilizaziora joan ahal izateko.

Goizeko hamaiketan emango diote hasiera egunari, Juan Urrutia plazan. Futbito eta tortilla txapelketak hasiko dira ordu horretan. Handik ordu erdira, aldiz, umeentzako puzgarri, tailer eta jolasak egongo dira Elexondon.

Hamabietan hasiko da aurtengo egitarauak dakarren berrikuntzetako bat: gazte sortzaileen gunea. San Anton plazan egongo da. “Amurrioko hainbat gazte bildu gara erakusketa bat antolatzeko ideiarekin. Bertan, hamaika gazte amurrioarren sorkuntzak ikusi ahal izango ditugu”, zehaztu dute ekimenaren antolatzaileek, “hainbat diziplinetan aritzen garen gazteak parte hartu ahal izango dugu bertan: argazkilariak, marrazkigileak, artegileak, diseinatzaileak, idazleak...”.

13:30ean egingo dute bazkaria San Antonen, eta jarraian hartuko dute Iruñeko manifestaziora joateko autobusa, 14:30ean elizako biribilgunean.

Iruñetik itzulita, Juan Urrutia plazan emango zaio amaiera egunari, kontzertuekin. Hiru taldek joko dute 23:00etatik aurrera: Desorden, Anita Parker eta Tximeleta erromeria.

Belaunaldi gazteen bila
Amurrioko Gazte Asanbladako kideek azaldu dute "belaunaldi gazteagoekin" lanketa bat egiteko asmoa dutela udara begira. "Antolatzeko eta asanbladan parte hartzeko nahia era batean edo bestean berpiztu behar dugula uste dugu", nabarmendu dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide