Deus ez, Oslo Ovnies, Tristtan Mourguy eta Hobera eta Meridian taldeak igaro dira Amurriock lehiaketaren finalera. Gaur -ekainak 15- ebatziko da Burubio Kultur Elkarteak antolatutako norgehiagokaren lehen edizioa.
19:00etan izango da zita, Amurrioko Juan Urrutia plazan. Lau taldeek joko dute, eta ondoren emango dira sariak. Bi kategoria daude: Metal/Rock estiloko taldeena eta Pop/beste estiloetako taldeena. Kategoria bakoitzean lehen postuan geratzen den taldeak 700 euro jasoko ditu, eta 200 euro, aldiz, bigarren geratzen direnek. Horrez gain, sari berezi bat egongo da, eskualdeko musikari bat -behintzat- duten taldeen artean ebatziko dena: Burubio Kultur Elkartean hiru abestiren zuzeneko grabaketa.
Lehiaketa “oso aberasgarria” izan dela nabarmendu du Egoitz Palaciosek. Burubio kultur elkarteko kideak azaldu du “talde ugari” ezagutzeko parada izan dutela, eta partaide guztiak oso gustora aritu direla norgehiagokan. “Euskal Herriko zein kanpoko taldeak etorri dira”, nabarmendu du.