19:00etan ekin zioten Juan Urrutia plazan "Amurriock" lehiaketako finalari. Aurrenekoz antolatu dute musika txapelketa, eta 70 talde baino gehiagok eman dute izena. Maiatzetik ekainera arte jokatu dituzte finalerdiak; ostiraletan, Burubion. Atzo, berriz, final nagusia izan zen. Epaileek zuzeneko emanaldia baloratu zuten erabakia hartzeko. Talderik onena Deus ez izan zela iritzi zuten rock-metal estiloan, eta pop zein bestelakoetan Meridian. Bigarren saria, aldiz, Oslos Ovnies eta Tristan Mourguy eta Horeba taldeek eskuratu zuten.
#Amurriock lehiaketako sari banaketa esker hitzekin hasi dute: pic.twitter.com/LZG6clpsja
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) 2018(e)ko ekainaren 15(a)
Eskualdeko talderik onena, Gwa Ya
Aiaraldeko talderik onenak ere jaso zuen saria: Gwa Yak, oraingoan. Hala, Burubion live session baten grabaketa egingo dute, Aiaraldea Ekintzen Faktoria eta hedabidearekin elkarlanean.
Finalerdietatik sailkatutako taldeek hartu zuten parte azken galbahean. Bakoitzak 25 minutuko kontzertua eskaini zuen. Musika estiloetan aniztasuna izan zen nagusi, baita lurraldetasunean ere. Izan ere, Ipar Euskal Herriko taldeak oholtzaratu ziren, besteak beste.