Goya etxeko entsegu lokalak hustu nahi dituztela salatu dute

Txabi Alvarado Bañares 2018ko eka. 18a, 06:30
Amurrioko sarrerako errepidearen alboan dago Goya etxea. / Aiaraldea.eus

Amurrioko Udalak Goya etxea hustu nahi duela salatu dute eraikin horretan dauden entsegu lokaletako erabiltzaileek. “Haserreturik eta amorraturik” daudela adierazi dute, “udalak ehunka pertsonek ia hogeita hamar urtez egindako ibilbidea amaitutzat ematen duelako”.

Entsegu lokaletako kideek nabarmendu dute etxean “hamaika pertsona, talde zein kolektibo” aritu direla "aktiboki lan egiten". Hori dela eta, udalak herriko musika eszenarekiko duen “ezjakintasuna eta mespretxua” salatu nahi izan dute. “Ez du ahaleginik egin etxearen edo lokalen mantentze zein konponketan, ez ditu musika taldeen beharrak ezagutu ezta kontuan hartu eta gure proposamenei ere ez die jaramonik egin”.

20 eguneko epea joateko
Tokiko erakundearen azken egunetako jarrera ere kritikatu dute entsegu lokaletako kideek. “20 eguneko epea eman digute etxetik alde egiteko, azkarregi, isilpean eta gure iritzia kontuan izan gabe. Hori da euren kudeaketa sistema: adiskideentzat itxurak egitea eta gobernatzea, beti ere Amurrioko bake soziala irmo mantenduz”.

Era berean, udalaren jabetzako hainbat eraikin hutsik daudela salatu dute: Refor, Landazuri etxea, antzinako anbulatorioa eta merkatu zaharra, besteak beste.  “Nahiago dute etxe huts eta hondatuak edukitzea, udalerrian kultur mugimendu garrantzitsua edukitzea baino”. Udalak “kultura librearekiko beldurra” duela uste dute Goya etxeko kideek, “beraien interesentzat arriskutsua izan daitekeelako”. Era berean, beste kultur elkarte batzuei tratu mesedegarriagoa ematea leporatu diote tokiko erakundeari: “Badakigu gobernuko alderdiei lotutako beste elkarte batzuek euren beharrizanetarako beharrezkoak diren lokalak eta laguntzak arazorik gabe jasotzen dituztela”.

Horregatik guztiagatik, “herriko beste musikari, musika talde zein kultur eragileak” animatu nahi izan dituzte Goya etxearen alde egin eta “ kultura libre eta lokal publiko eta autogestionatuengatik” borrokatzera.

Ibilbide luzeko gatazka
Ibilbide luzea du Goya etxeak. Amurrioko Udalak baserri horretako zenbait geletara bideratu zituen Refor industriagunean entseatzen zuten taldeak. Ondoren, bertan zeuden zenbait talde eta norbanakok etxe osoari erabilera bat ematea pentsatu zuten, baserriaren ukuilua zena okupatuz.

Modu horretan sortu zen La Kuadra espazio autogestionatua. Makina bat hitzaldi, kontzertu eta jarduera egin ziren bertan, harik eta 2011ko martxoan Ertzaintzak tokia indarrez hustu eta itxi zuen arte.

Udalak orduan jakinarazi zuen Goya etxe osoa hustu eta berehala botako zutela. Zazpi urte baino gehiago igaro dira ordutik hona, eta entsegu lokalek funtzionatzen jarraitu dute, hustu gabe geratzen zen baserriaren zatia bizirik mantenduz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide