Apirilean amaitu zen Hazilan programaren bigarren edizioa. Amurrio Bideanek jarri du abian egitasmo hori, “kalitatezko enplegu bila ari diren gazte kualifikatuak” prestatzeko. 14 gaztek hartu dute parte programan, eta horietako zazpik lortu dute lana. Beste bik negozio propioak jarri dituzte abian, eta gainontzeko bostak “enplegu bilaketa aktiboan” aritu dira.
Bi fasetan banatzen da programa. Lehena prestakuntzazkoa da. Bigarrena, aldiz, enpresa batean praktikak egitean edo negozio bat sortzeko bideragarritasun plana egitean datza.
Hirugarren edizioa, urrian
Urriaren 2an abiatuko dute programaren hirugarren edizioa. Udalak jakinarazi du edizio horretan “ahalegin berezia” egingo dela gazteek euren praktikak gertuko enpresetan egin ditzaten, “ezagutza eskualdean gera dadin”.
945891721 telefono zenbakira deituta edo empresa@amurriobidean.org posta elektronikora mezu bat bidalita lortu daiteke egitasmoari buruzko informazio gehiago.