Eskualdeko ekimena egingo dute Aiaraldeko pentsionistek. Astelehenero elkartzen dira herriko plazetan, Urduñan, Amurrion, Artziniegan eta Laudion, besteak beste. "Denon etorkizuna" jokoan dagoela-eta, manifestazio bateratua egitea erabaki dute. "Pentsio publiko duinaren alde" izango da manifestazioaren lema.
"Defenda ditzagun gure eskubideak! Pertsona guztien eskubidea da pentsio sistema publikoa", adierazi dute. Ikasle, langile eta pentsionista orori zabaldu diote parte hartzeko mezua. Izan ere, garrantzitsutzat dute jendartearen inplikazioa: "Ekainaren 28an denok Amurriora!".
Pentsioen jaitsiera iragarri zutenetik, makina bat aldiz atera dira aiaraldearrak kalera protestan. Artziniegan, Urduñan, Amurrion eta Laudion egoera eta erabakia salatzeko elkarretaratze asko egin dituzte.
