Uztailaren lehen hamabostaldian gauzatuko dute Elexazarreko aztarnategi arkeologikoko indusketekin jarraitzeko 8. kanpaina.
Bertan parte hartzeko boluntarioen bila ari dira. Interesdunek mezu bat bidali behar dute elexazar@gmail.com helbide elektronikora. Bi baldintza baino ez dira bete beharko: adinez nagusia izatea eta “ikasteko eta inguruko historia galdua berreskuratzeko ilusioa” erakustea.
Hala azaldu du Juanjo Hidalgok. Bera arduratu da urtez urte indusketak antolatzeaz. 2009. urtean ekin zioten aztarnategia lurpetik ateratzeari.
Lau eraikinen arrastoak topatu dituzte guztira, inguruan azpiegitura gehiago existitzen zirela uste duten arren.
Eraikinetako batean zentratuko dira aurten; geletako bat lurpetik erabat ateratzea izango du helburu, gunearen benetako tamaina kalkulatu eta izan zituen funtzioak jakiteko.
Badute hipotesi bat: eraikin hori ukuilu gisa baliatzen zela. Gauzak hala, lurraren laginak hartu eta laborategira eramango dituzte, teoria hori frogatzeko asmoz.