Pirinioetako Monte Perdido eta Vignemale mendi ikonikoak inguratzen dituen zeharkaldia egingo dute Mendiko Lagunak taldeko kideek, abuztuaren 5etik 9ra. Pirinioetako erdiguneko lau aterpe lotuko dituzte bost etapetan banatutako 100 kilometroko zeharkaldian. Goi-mendiko ibilbidea izango da osatuko dutena, gailur eta mendi-lepo esanguratsuak igaroz.
Izena emateko epea zabalik
Bihar -uztailak 5- irekiko da izena emateko epea eta uztailaren 17ra arte luzatuko da. Izena emateko derrigorrezkoa izango da klubeko bazkide izatea eta federatuta egotea. Zeharkaldiak 250 euroko kostua izango du pertsonako, aterpeetako prezioa barne. Talde amurrioarretik ohartarazi dute plaza mugatuak daudela.
Irteera abuztuaren 5ean egingo dute, goizaldeko lauretan Amurrioko Telefonika eraikinetik. Laudioko parte-hartzaileek Laudioko Gurutze Gorrian hartu ahalko dute autobusa ordu laurden lehenago, 3:45ean.
