Larunbata arte ekintza ugari egongo dira Tertangan. Jai Batzordeak makina bat jarduera prestatu ditu aurten ere. Gaur hasiko dituzte festak, kanpai errepika eta mezarekin. Eguerdian trikitilariak eta buruhandiak egongo dira enparantza inguruan.
15:30ean, berriz, etxez etxe kalejira egingo dute trikitiaz lagunduta. 18:00etan, aldiz, haur jolasak izango dira nagusi, Urtxintxa Eskolaren eskutik.
Asteazkenean, hilaren 11n, 12:00etan meza egongo da, eta jarraian janaurrekoa. Arratsaldean, baina, boloak izango dira protagonista, 18:00etan hasiko baitira partidak.
Asteburua, indartsu
Edozelan ere, asteburuan pilatu dituzte jarduera gehienak. Ostiralean 22:30ean jaurtiko dute bigarrenez txupina, eta txosna irekiko da ondoren. Ohi bezala, frontoia hautatu dute kontzertuetarako. Akerbeltz erromeria arduratuko da giroa berotzeaz.
Larunbatean bukatuko dira festak, ez ordea, edonola. 16:30ean irekiko dute mus txapelketako izen-ematea, 15 euroren truke. Lehiaketak, gainera, 25.urtemuga izango du aurtengoa. Sariak ere zehaztu dituzte Jai Batzordetik: bikote irabazleak txapela eta 150€ eskuratuko ditu, bigarren sailkatuek botila sorta eta 70€, eta hirugarrenek botilak eta 30€.
Tradizioari jarraiki, arrastariarren "afari herrikoiarekin" emango diote amaiera egitarauari. 20:30ean izango da hori, musika eta lagun artean.