Urte gorabeheratsua izan zen Herriarenak koadrila jaio zenekoa: 1978a, Franko diktadorearen heriotza eta geroko trantsizio deituriko prozesuaren arteko garai hoiek protesta eta aldarrikapen sozial ugariren agertoki izan ziren Euskal Herrian. Herri eta hirietako jaietan ere isla izan zuen bor-bor zegoen mugimendu sozial horrek. Urte hartako San Ferminak, esaterako, egoera politiko zurrunbilotsuaren adibide izan ziren, bertan poliziak German Rodriguez gaztea hil zuen preso politikoen aldeko manifestazio bat erreprimitzerakoan, beste ehunka zauritu utziz.
Frankismotik zetorren jai eredu baten arrastoak ere agerian zeuden: jai tradizionalak eta atzerakoiak ziren, orduko gizartearen aldarrikapen eta bizi ereduarekin dagoeneko bat ez zetozenak. Bi ereduen arteko talka horretan kokatzen dute Herriarenak jai-koadrilako kideek beraien sorrera, “abertzaletasunaren familiaren alde aurrerakoienak hedapen soziala eta kulturala egiteko zuen beharraz bultzatuta sortu zen gure taldea”.
Hala, folkloreari estu lotutako jai batzuetan gaurkotasuna zuten gaiak lantzen hasi zen Herriarenak: korrika, euskara, Lemoiz, errepresioa, ingurumena... “Jaiak bai borroka ere bai leloaren egikaritzean lagunduz”.
70eko eta 80ko hamarkadan pisu handia izan zuten Amurrioko Koadrilek eta Herriarenak talde sortu berrira jende asko hurbildu zen lehenengo momentutik, “Jaiez disfrutatzeko jai koadrila batekoa izan behar zenuen. Hori aldatzen joan da urteak aurrera joan ahala”, adierazi dute Herriarenak-eko kideek.
90eko hamarkadan krisi izan zuen eragileak eta oso kide gutxirekin geratu zen, “hamarkada horretan ez zen apenas ekimenik antolatu. Gurdiak ere ez genituen atera”.
Baina gaur egun indartsu da berriz jai-koadrila aldarrikatzaile hau. 60 kide inguruk parte hartzen dute modu aktiboan eta beste herritar askok eta askok taldearen mahoia, gorria eta zuria janzten dute jai-giroaz disfrutatzeko. Herriarenak-eko kideek jai-Herrikoien aldeko batzordean parte hartzen dute, hiru ekintza nagusi antolatuz: Gotzon Landetaren omenezko mus txapelketa, txapela jaurtiketa eta “Basati Kirol” arrakastatsuak. “Horrez gain, jaietako egitarauan dauden ekintza gehienetan parte hartzen dugu era aktibo batean, hala nola: paella txapelketan, koadrilen eguneko ekintzetan, kalejiretan...”.
Asanbladen bidez antolatzen dira. Herriarenak-ek antolatuko dituen ekintzak erabakitzeko bilera deitu eta lana guztien artean banatzen dute. “Ardurak banatzerako orduan saiatzen gara orekatuki egiten, gutxi batzuek dena egin ordez, guztiok ardura txiki bat hartzeko konpromisoa hartzen dugu”, nabarmendu dute.
Asko aldatu dira Amurrioko Jaiak 40 urtetan, koadrilako kideen hitzetan: “frankismotik eratorritako eredu baten moldaketa eman da lau hamarkada hauetan, arrasto gehienak gainditu ditugu. Emakumearen funtzioa ere aldatu egin da. Erregina eta damaren kontzeptuak gainditu dira, nahiz eta koadrilaren batek oraindik ere berdinetan jarraitzen duen”. Txarrera jo duela uste dutenek, ordea, koadrilako kideen eta jai ereduaren agorpenaren aurrean irudimen faltaz ohartarazi dute. “Jaien intentsitatea jaitsi da, ekimenen arrakasta gero eta eskasagoa da”.
Aldarrikapena izan dute Herriarenakeko kideek koadrilaren izaeraren ikur urte hauetan guztietan eta egindako lanari esker jaia eta aldarria estuago lotu dira: “jaiak herritik eta herriarentzat antolatu behar direnaren aldarrikapenak aztarna utzi du. Jendea egunetik egunera kontzienteagoa da. Jaiak aldarrikapen eta borrokarako eremuak direla uste dugu, ezin dugulako aktualitatea baztertu eta beste alde batera begiratu: etxetik urrun dauden herriko presoak eta deportatuak, gatazka sozial eta politikoak, gazte eta emakumeon problematika berezituak, ingurumena, euskara...“.
40 urtez aurrera begira
Lau hamarkadatako ibilbide luze eta emankorra ospatuko dute aurtengo jaietan. Abuztuaren 12an egingo dute ospakizuna, herri-bazkari bat antolatuko dute urte hauetan guztietan koadrilako kide izan diren guztiekin. Horrez gain, argazki bilduma bat osatuko dute, taldearen historia irudien bidez kontatuz.
Atzera begira bakarrik ez, etorkizunari so ere jarri da taldea eta hainbat erronka jarri dizkio bere buruari: “Eraberritzea. Jende berria eta gaztea taldean sartzea, urtero egiten diren ekintzen formatua aldatzea edo gauza berriak sortzea, aldarrikatzea eta kontzientziak astintzea”.