Aldarte onean dago Luisa Ibarrola. Uda garaiak ez du geratu saratxoarra. Izan ere, atzo goizean jokatu zen Moralzarzalen Espainiako txapelketa. Ibarrola hasieratik amaierara nagusitu zen, lehen postuari eutsita. Ondorioz, Europako lehiaketarako eskuratu du txartela. Austria izango du, beraz, hurrengo geltokia.
Bigarren eta hirugarren sailkatuei hiru minutuko abantaila atera zien. Bigarren ilaran atera bazen ere, lehen itzulia bukatzerako aurreneko postuan zen. Orotara, lau aldiz osatu behar izan zuten zirkuitua.
Mountain bikea soinean, Espainiako Txapelketa 2016an irabazi zuen Ibarrolak ere bai. Izan ere, BTT eta ziklokrossa uztartzen ditu kirolari aiaraldearrak.
Europako txapelketa
Austriako Graz hirian izango da Europako proba. Dena den, ostegunean "Team relay" modalitatean arituko da Ibarrola, Espainiako selekzioarekin. Asteartean ekingo dio bidaiari.