"Omar Frailek egutegian markatuta zuen larunbateko etapa"

Aitor Aspuru Saez 2018ko uzt. 23a, 14:00

Aritz izan da Omar Fraileren prestatzaile fisikoa Astana taldean.

ARITZ ARBERAS (Amurrio) Astana txirrindularitza taldeko prestatzaile fisikoa da. Bere taldeak bi garaipen eskuratu ditu jadanik aurtengo Tourrean. Atzo Magnus Cortek irabazi zuen, baina berarekin mintzatu gara bizkaitarraren lorpenari buruz, larunbatean gailendu baitzen Mendelen. Lasterketa bizia izan zen hori, ihesaldiz eta kilometro aldapatsuz betetakoa.

Zeintzuk dira Omar Fraileren ezaugarriak txirrindulari moduan?

Omar oso betea da. Igoeran ondo moldatzen da eta gero abiadura punta ona dauka. Esan genezake esparru guztietan moldatu daitekeela.
 
Zure kinielan zegoen erdietsitako garaipena?

Bai, izan ere, Omarrek motibazio berezia zeukan etapa horrekin. Tourra hasi aurretik markatuta zeukan, eta aurreko egunetan ondo sentitzen ari zen. Taldearen egoerak lasterketan askatasuna izateko aukera eman zion eta oso ondo aprobetxatu zuen.

Zer landu duzu bereziki berarekin bere eraginkortasuna hobetzeko?
 
Ez gara ezaugarri batean bereziki zentratu. Lasaitasuna eta gauzak pausoka egitea izan da helburua hasieratik.

Teiden egin genuen kontzentrazioan lana pilatzen joan ginen, gehiegi egin gabe eta programatuta zeukan egutegiarekin sasoian helduko zela genekien.

Nola bizi izan dute taldean garaipena?
 
Taldearentzat garaipen oso garrantzitsua izan da. Tourra urteko lehiaketarik handiena da eta han lortzen denak oihartzun bikoitza dauka. Alde batetik lasaitasuna, egindako lana borobiltzen duelako; eta, bestetik, poztasun handia.

Zein izan da zuretzat une kritikoena lasterketan eta nondik aurrera pentsatu duzu irabazle izan zitekeela?
 
Egoera oso zaila zen Omarrentzat. Alde batetik, beste taldeek kide bat baino gehiago zutelako, eta horrek abantaila handia ematen du ihesaldi batean. Bestetik, ihesaldian zeuden txirrindulari mailagatik.
 
Azkenik, Stuyvenek ia bi minutuko aldea zuenean garaipena oso zaila jarri zen. Omarrek bikain egin zuen igoera hasieratik jotzen.
 
Azkeneko metroak arte zaila izan zen, Stuyven igoerako azkeneko metroetan harrapatu zuen eta Alaphilippen erasoa bortitza izan zen, baina Omar bikain erregulatu zen eta berak erdietsi zuen garaipena.
 
Etapa aldapatsua izan zen, zuk uste  duzu ondorioak izango dituela Omarrengan?

Omar oso ondo dago. Ziur etapako ahalegina hurrengo egunean ordainduko duela, baina seguru ere azkeneko astean bere gaitasunak ikusteko aukera izango dugula berriz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide